Skip to main content

VinFast automobil ekoizle vietnamdarraren eskaera jaso du berriki material metalikoak eta konpositeak konformatzeko zein prozesatzeko soluzioen garapenean aditu den Fagor Arrasate kooperatibak. Hain zuzen ere, kadentzia handiko full-servo prentsa-lerro berri bat jarri beharko du Haiphongo (Vietnam) instalazioetan. Hutsetik egingo litzatekeen altzairuzko eta aluminiozko kanpo piezak konformatzera bideraturiko azpiegitura litzateke, bezeroaren beharren arabera sorturikoa. Aurreikuspenen arabera, 2024ko lehen seihilekoan hasiko luke ekoizpen prozesua.

Bada, serbo-akzionamendua duten bost prentsekin legoke osaturik VinFastendako egingo litzatekeen lerro berria. Horiek, 73.000 kN-ko prentsatze-indarra lukete, 25.000 kN-ko prentsa baten eta 12.000 kN-ko lauren artean banatuta. Ostera, gune bakoitzean, 5.000 mm x 2.600 mm arteko trokelekin egin ahal izango luke lan. Oro har, eraginkortasun-maila altuekin dihardute serbomotorrak dituzten abiadura handiko prentsen lineek, eta, hala, ohiko sistemen gainetik daude errendimenduan. Horregatik, produktibitateari dagokionez, gaur-gaurkoz, soluzio aurreratuena litzateke.

Altzairuzko zein aluminiozko kanpoko piezak estanpatzeko legoke diseinatua VinFasterako sortuko litzatekeen azpiegitura. Eta Fagor Arrasateren esku legoke instalazio osoaren hornikuntza -linearen aurrealdea, prentsak eta prentsen arteko sinkronizaziorako automatizazioa barne-, epe doituetan edota munduko edozein lekutan proiektu konplexu eta handiei heltzeko duen gaitasun industrialaren erakusgarri.

VinFast, lehen automobil-ekoizle nazionala

VinFast ez da edozelako bezeroa. Are: Vietnamgo lehen automobil-ekoizle nazionala da. 2017an abiarazi zuen haren jarduna eta herrialdeko enpresa-multzorik handiena den Vingroup taldearen parte da. Ostera, Vietnamen gehien saltzen den bigarren automobil marka da, Toyotaren ondoren. Gainera, aurrera begirako ikuspegiz dihardu. Besteren artean, elektrikoen aldeko apustua eginez, munduko automobil merkatua konkistatzeko asmoa iragarri du berriki.

Idatzi iruzkina