Skip to main content

Irailean abiaraziko da Euskal Herri hobea eraikitzeko lanean dabiltzan gizarte egitasmoak lagundu guran sorturiko Fagor Herrigintza lankidetza programa, bigarrenez. Iaz moduan, harekin, hiru ekinbide lagunduko ditu Fagor Taldeak, 60.000 euroko, 40.000 euroko eta 20.000 euroko ekarpenak eginez. Hain zuzen ere, aurrez ezarririko oinarrien araberako balorazioa egin ostean, Fagor Taldeko kooperatibetako bazkideak izango dira laguntzak jasoko dituzten hiru egitasmoak aukeratuko dituztenak, Fagor Elkarrekin plataforman abiaraziko den bozka prozesu bidez. Euskal Herriko eragileek irailaren 1etik 30era bitartean aurkeztu ahal izango dituzte euren ekimenak.

Euskal gizartetik sortutako ekinbideak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko sortu zen Fagor Herrigintza 2022an. Haren bidez, Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propioa eta berritzailea ematea helburu duten proiektuak bultzatu nahi ditu Fagor Taldeak. Asmo horrekin, Zaporeak (60.000 euro), Itsas Salbamendu Humanitarioa (40.000 euro) eta Seaska ikastolen federazioa (20.000 euro) lagundu zituen 2022an.

Aurten, ostera, berrikuntza batekin dator Fagor Herrigintza lankidetza programa: eragileak eurak izango dira euren egitasmoa zein laguntzetara aurkeztu erabakiko dutenak. Hori, baina, irailean izango da. Orduantxe iragarriko du Fagor Taldeak deialdi berriaren irekiera, tokiko zein Euskal Herri mailako hedabideen eta bestelako komunikazio bitartekoen bidez.