Skip to main content

Fagor Herrigintza lankidetza programaren deialdi berria azken txanpan da dagoeneko. Gizarte eragileek irailaren 30era bitartean aurkeztu ahal izango dituzte euren proiektuak. Bosgarren edizio honetan ere, hiru laguntza banatuko ditu Fagorrek —60.000 euro, 40.000 euro eta 20.000 euro—, 120.000 euro, osotara. Oro har, Euskal Herri hobe bat eraikitzeko lanean ari diren gizarte egitasmoak laguntzea du xede lankidetza programak.

Ohi moduan, fagor.eus webgunean aurkeztu beharko dira proiektuak —oinarriak ere bertan daude irakurgai—, eta, besteren artean, ekinbideari buruzko informazioa, Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) duen lotura, kronograma, aurrekontua eta finantzazio plana helarazi beharko dira. Oinarrien araberako balorazioa eta bozka fasea eginda —azaroan, puntu gehien dituzten egitasmoen artean aukeratuko dute Fagorreko kooperatibetako bazkideek—, abenduan jakinaraziko da zein proiektuk jasoko dituzten deialdi berriko laguntzak.