Inklusioa eta enplegagarritasuna bultzatzeko proba pilotua egin berri du Fagorrek -Mondragon Korporazioak bultzatutako ekinbidea izan da, 2025-2028 Sozioenpresa politikaren barruan-. Programari esker, Almazeneko jarduera osagarriak formazioan murgildurik izan dira egoera zaurgarrian bizi diren zenbait pertsona -hamabost, osotara-: 150 ordu teoriko izan dituzte, eta 40 ordu praktiko. Fagor Ederlanen, Fagor Automationen, Fagor Electrónican, Onnera Groupen eta Coprecin egin dute praktikaldia. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2025ean argitaratutako Elkar-ekin lanean programaren barruan egin da proba pilotua.
Besteren artean, Lanbidek homologatutako profesionaltasun ziurtagiria eskuratzea ahalbidetu die programak parte hartzaileei. “Lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiagoak dituzten pertsonei prestakuntzatik enplegurako trantsizio eraginkorra errazteko bideak eskaintzea da asmoa”, azaldu dute ekinbidearekin bat eginda jardun duten kooperatibek. Izan ere, asmoa ez da izan formaziora mugatzea, praktikaldia bukatu ostean kontratazio prozesuak irekitzeko aukerak sortzea baizik.
Hurrengo urratsak
Proba pilotua bukatuta, aurrera begira jarria da Fagor, inklusioaren eta enplegagarritasunaren bidean urrats berriak egin nahian. Gaur-gaurkoz, formakuntza ibilbidea diseinatzen ari da, besteren artean, kooperatiben beharrak ezagututa, ziurtagiri profesionala zehazten, pertsona zaurgarrien inklusioaren aldeko lanean diharduten erakundeen mapa egiten eta haiekin lankidetza akordioak sinatzeko aukerak aztertzen. “Epe luzeko programa bat sortzea da xedea, Taldeko kooperatibek behar dituzten ezagutzen araberako formazio ibilbideak eskainiz eta laneratzeko prozesuak erraztuz kolektibo zaurgarriei. Elkarlanean egin gura da hori”, argitu du Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio sozialeko arduradunak.
Hemen, programan parte hartu duten kideek Coprecira egindako bisitaren argazkia:







