Fagorkide hori:
Bullyingari Galga! egitasmoaren berri eman eta haren aurkezpenerako gonbidapena helarazi gura genizuke. Fagor Herrigintza lankidetza programaren laguntza jaso ondotik, ikus-entzunezkoen alorrean diharduen Ihitten elkarteak proiektuan murgilduta jardun du azken urteetan, eta gizarteratzeko moduan du dagoeneko. Gizarteratze hori Arrasaten hasteko elkarlanean jardun dugu Fagorrek eta Ihittenek azken hilabeteotan. Bada, Arrasateko Kulturaten egingo da aurkezpen ofiziala, urriaren 20an, 18:00etan. Ez da sarrera beharrik egongo, ezta izena eman beharrik ere.
Ez da ohiko aurkezpena izango: bullyingaren inguruko mahai-inguru bidez aurkeztuko da Bullyingari Galga!. Besteren artean, gaia ikusaraztea, hausnarketarako baliabideak eskaintzea eta balizko irtenbideak bilatzea dira hitzorduaren helburuak. Bullyingarekin lotura zuzena duten bi kidek jardungo dute mahai-inguruan: Maitane Ormazabal Esnaola psikologoak eta Irati Galardi Lizarraga bullyinga jasan duen pertsonak.
Finean, gizarte konpromisoa oinarri, komunitate hobea eraikitzeko lanean jarraitzen dugu, horretarako bitartekoak eskaintzen. Bide horretan, bat egina dugu bullyingari kontra egiteko Ihittenek hartua duen bidearekin, jakin baitakigu gizarte osoaren inplikaziorik barik nekez lortuko dela helburua.
Hori horrela, hitzordura gerturatzeko gonbidapena helarazi gura genizuke, ingurukoak edo interesa izan lezaketenei gonbidapena zabaltzeko eskaera egitearekin batera.
Eskerrik asko, eta ondo izan.






