Skip to main content

Galbaian kooperatibak  bat egin du World IP Day Jabetza Industrial eta Intelektualaren (JI) Nazioarteko Egunarekin eta aurtengo ediziorako aukeratua zegoen leloarekin: “JIa eta ETEak: ideiak merkatura hel daitezen”.

Iñigo Irizar Arcelus Handituko bazkideak hasi du saioa, Garrantzitsuena ez da patentatzea izenburudun ponentziarekin. Besteren artean, nabarmendu du JIeko aholkulariek ez dutela hornitzaile hutsak izan behar, aliatuak baizik. Ostera, gai izan da haren mezua ekuazio baten bidez laburtzeko: “Berrikuntza = Asmakuntza x Merkaturatzea”.

Ondoren, JIaren arloan ETEek dituzten erronkez jardun du Idoia Apraizek, Galbaian kooperatibako JIeko Kudeaketa Estrategikoko arduradunak. Hor, azpimarratu du ETEek JIa kudeatzeko modua aldatu beharra dagoela eta horrek paradigma aldaketa dakarrela. Finean, prozesu horretan lagundu gura die Galbaianek ETEei. Horretan geratu barik, Sokalagun programa aurkeztu du Apraizek. Zehatz esanda, Galbaianek ETE eta startupei laguntzeko landuriko tresna da aipaturikoa.

Ondoren, Biolango Berrikuntza Zuzendari den Arrate Jaureguibeitiaren txanda izan da. Biolanek JI arloan izan duen ibilbidea azaldu du hark, alorrean ezagutzarik eta estrategiarik ez izatetik, JIeko estrategia guztiz definitua izatera eroan diona. Horri esker, JI mailan jardunbide egokien adibide bihurtu da Biolan.

Azkenik, Iñaki Ganzarain Innobasqueko proiektu arduradunak hartu du hitza, hizketaldia EAEko JIaren egoerara zabalduz. Azpimarratu duenez. ETEetako berrikuntza eta JIa dira lurraldeak Europako punta-puntako eskualdeekiko dituen bi ahulguneak. JIa bultzatzeko zereginean Innobasqueren apustu sendoa aipatu ondoren, Ganzarainek nabarmendu du enpresa askok ez dutela ikusten JIa etekina atera dakiokeen zerbait bezala.

Oro har, enpresa askok JIa errentagarritasuna eman dezakeen zerbait bezala ez ikustea izan da mahai-inguruari hasiera emateko aukeratutako gaia. Nola konbentzitu enpresak, bereziki ETEak, JIean inbertitu eta JIaren arloan estrategia bat izateko? Galdera horri erantzuten saiatu dira hizlariak.

Galbahe Saria 2021ko asmatzaile onenari

Mahai-inguruaren ondoren, 2021eko Galbahe saria eman da. Hain zuzen ere. Biolango Arrate Jaureguibeitiak jaso du, ez bakarrik asmatzaile moduan egindako lanarengatik, baita asmakuntza horiek bere erakunderako balioa sortzeko irizpidearekin kudeatzen laguntzeagatik ere. Azpimarragarriak dira Jaureguibeitiak besteen JIeko eskubideak ez urratzeko egiten dituen ekarpenak, asmatzaile gisa agertu den patente-familien kalitatea eta erabakiak hartzeko estrategia zein negozio ikuspegia. Arratek eskertu egin du saria, haren taldekideak gogoan izanez.

Galbahe Sariari buruz

World IP Day delakoaren ospakizunen baitan, Galbahe saria ematen du Galbaianek. Bada, saria banatzean, asmatzaileen azken hamabi hilabeteetako jarduera izaten du oinarrian, baita haren ibilbidea ere. Finean, zonaldeko asmatzaileen balioa aldarrikatu nahi da sariaren bidez, “asko eta onak direlako”.

Hauek izan dira sarituak aurreko urteetan:

2016 – Felix Kerejeta (Copreci)

2017 – Eneko Izquierdo (ULMA Packaging)

2018 – Tomás Morlanes (Fagor Automation)

2019 – Manu Colino (ULMA Construction)

2020 – Pandemiak eraginda, ez zen eman.