Jardunaldi berezi batekin ospatu du Fagor Taldeko Galbaian kooperatibak Jabetza Industrial eta Intelektualaren (JI) Nazioarteko Eguna. Aurten, Asmatzaileak: adimena bereizkuntzaren zerbitzura izenpean antolatu du hitzordua, asmatzaileek berrikuntza prozesuetan duten rolaz berba egiteko. Horrez gain, Galbahe Saria banatu dio urteko asmatzaile onenari. Galbaianek Bilboko (Bizkaia) Zorrotzaurren dagoen Bilbao As Fabrikeko auditorioan egin du jardunaldia, apirilaren 27an.
Besteren artean, Ismael Igartua Irizar Galbaianeko zuzendari nagusiak, Jorge Santiago Larrinaga Galbaianeko patente europarren agente eta Galbaianek Bilbao As Fabriken ireki berri duen bulegoko arduradunak, Jesus Lata Perez Senerreko ingeniari tekniko nagusiak, Beñat Auzmendi Arkarazo Orbeako berrikuntza ingeniaritzako buruak, Fernando Burguera Albizuri Batzeko ingeniaritza aurreratuko gerenteak eta aurreko urteetan Galbahe saria jaso duten zenbait asmatzailek jardun dute hizlari. Oro har, kirol alorreko jabetza industrial eta intelektuala, asmatzaileek berrikuntzan betetzen duten rola, Adimen Artifizialak asmatzaileengan izan dezakeen eraginak… izan dituzte hausnargai.
Galbahe saria 2026
Aurreko urteetan bezala, Galbaianek 2026ko Galbahe saria emateko aprobetxatu du jardunaldia. Jesus Lata Perez Senerreko ingeniari tekniko nagusiak jaso du saria. Galbaianeko zuzendari nagusiaren esanetan, hiru izan dira sariduna aukeratzeko izan dituzten arrazoi nagusiak: “Azken urtean asmatzaile gisa egindakoa, arloan egina duen ibilbide zabala -argitaratutako hogei patente familiatan ageri da asmatzaile gisa-, eta, batez ere, patente agente guztiek lan egin nahiko luketen asmatzaile mota delako, egiten dituen ekarpen guztiengatik eta patente eskaerak aurkezteko eta tramitatzeko prozesuan erakusten duen inplikazioagatik”.






