Fagorrek 5.000 eurorekin lagundu du Maite Zaitut ekitaldia. Harekin batera, askotariko eragileen babesa jaso du egitasmoak -guztira, 50 eragile, erakunde eta enpresek babestu dute-. Horien artean daude Berria, Naiz, AEK, Elkar fundazioa, Kaiku eta Ikastolen Elkartea. Horietako zenbait ordezkari izan ziren aurkezpen ekitaldian, tartean, Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradun den Aritz Otxandiano Kanpo. Maiatzaren 3an egingo da Maite Zaitut festa erraldoia, Barakaldoko (Bizkaia) BECen, 17:00etan hasita.
Amagoia Mujika Telleria Maite zaitut elkarteko kidearen hitzetan, entitateen laguntza eta babes ekonomikoa “ezinbestekoa” izan da ekitaldiaren antolaketarako. Pozik azaldu da ekitaldiaren inguruko komunikazio eta babesletza kanpainek izaniko harrerarekin: “Konturatu gara herri oso baten babesa eta laguntza dauzkagula. Guk hasieran sentitu genuen taupada ulertu dute herritarrek: pailazoek omenaldi hau merezi dute”.
Guztien laguntza eskertu du Maite Zaitut elkarteak, eta gogorarazi du badela ekarpen indibidualak egiteko aukera. Era berean, festara joateko gonbidapena egiten die herritarrei. Sarrerak webgunean daude eskuragarri.
‘Maite Zaitut’ festa erraldoia
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ibilbidea aitortu gura duen ekimena da Maite Zaitut festa erraldoia. ”Eskerrak eman gura dizkiegu euskal gizartea kolorez eta maitasunez betetzeagatik eta haurrei balio garrantzitsuak helarazteagatik”, argitu dute antolatzaileek. Kultura munduko jende ugarik hartuko du parte -abeslariak, aktoreak, bertsolariak…-.