Skip to main content

Fagor Taldeak bat egina du UNICEFek Ukrainako haurren egoera leuntzeko martxan jarria duen kanpainarekin. Berriki sinaturiko hitzarmenean, 10.000 euroko ekarpena egiteko konpromisoa hartu du Taldeak. Eta ekinbidea ez da hor bukatzen. Horrez gain, euren ekarpen ekonomikoa egiteko aukera izango dute kooperatiba taldeko kideek, haien eskura jarri den webgune bidez.

Oro har, gatazkaren eragina pairatzen duten haurrei ur edangarria, higiene zein osasun produktuak eta laguntza psikosoziala bermatzea da xedea. Eta hori erdigunean dute jarria laguntza humanitarioarekin dihardutenek. Horri lotuta, “ziurgabetasunez beteriko garaian”, nazioarteko elkartasunaren bitartez “nork haren aletxoa” jartzearen garrantzia azpimarratu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Finean, badira egun batzuk Ukrainan gatazka armatua piztu zela, eta, horrek, eragin zuzena izan du herritarrengan. Asko dira herrialdetik alde egitea erabaki dutenak. Beste batzuek, ostera, gatazkaren erdian harrapaturik darraite. Bada, egoerak eraginda, esan moduan, testuinguruaren ondorioak pairatzen dituztenak laguntzeko ekinbideekin dihardute munduko hainbat erakunde -horien artean da UNICEF-. Eta, egoera horretan, haren ekarpena egitea erabaki du Fagor Taldeak.