Mundu berri bat guztiontzat ekimena jarri berri du martxan Bizipoza elkarteak, eta dagoeneko ikusgai dira haren hasierako fruituak. Hain zuzen ere, hamaika elkarteren errealitatea ikusarazi guran, azken hilabeteetan hamabi kanturen eta hamaika bideoklipen sorkuntzan jardun du Bizipoza elkarteak, euskal sortzaileekin elkarlanean. Besteren artean, elkarteen errealitate ezberdinak azalaraztea da helburua. “Egitasmo berriak sekulako bultzada dakarkio elkarteen errealitateak azalarazteko zereginari. Sentsibilizaziorako bitarteko da, gizarte justuago baten bidean, talde lanean, eraikitakoa”, azaldu du Amaia Elizondo Martiarena Bizipoza elkarteko kideak. Fagor Taldeak bat egin du egitasmoarekin.
Dagoeneko ikusgai da ekinbideari loturik eginiko aurrerapen bideoa. Eta, hainbaten artean, egitasmoaren aurkezpena iragarri dute haren bidez: urtarrilaren 23an egingo da -Fagor Taldeko ordezkaritza ere izango da hitzorduan-. Egun horretan hasiko dira Bizipoza elkarteko kideak ekimenaren baitako kantuak eta bideoklipak publiko egiten.
Euskal sortzaileen ekarpena funtsezko izan da Mundu berri bat guztiontzat egitasmoarentzat. Harekin bat egin dutenen artean da Xabi Solano musikaria -guztira, 22 abeslarik esku hartu dute-. Bere esanetan, doinua, musika eta irudiak elkartzeko ariketaren bidez, “babesa eta elkartasuna” erakutsi gura izan diete euskal sortzaileek Bizipoza osatzen duten elkarteei.
Esan moduan, Fagor Taldeak bat egina du egitasmoarekin. “Uste dugu gizarteari, eta, oro har, urtean zehar sorturiko dinamika sozialei ekarpena egitea dagokigula. Bizipoza elkartea gogor dabil lanean, gizarte inklusiboago bat lortu guran. Eta ezin dugu ahaztu elkarte ezberdinen elkargune dela. Garrantzitsua da horien jarduna ikusaraztea”, dio Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko iraunkortasuneko arduradunak.
Hemen dago aurrerapen bideoa: