Gertuko zein eskala zabalagoko komunitatearekin konprometiturik jarraitzen du Fagor Taldeak. Zehatz esanda, 2024an zehar, 2.959.788 euro bideratu ditu askotariko gizarte ekinbidetara. Debagoiena mailan banatu du diru laguntzaren zati handiena (%59); eta Fagorreko komunitateari begirako (%26), mundu mailako (%10) eta Euskal Herriko bestelako ekimenak (%5) ere babestu ditu. “Gaurko eta etorkizuneko erronkak erdigunean, asko eta askotarikoak dira mundu hobe bat eraikitzeko lanean ari diren gizarte egitasmoak. Horiek laguntzeko konpromisoz jarraitzen du Fagorrek. Mundu hobe bat eraikitzera bidean, garrantzitsua da nork bere alorretik eragitea”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Aurten ere, legez bideratu beharreko %10era mugatu barik, urteko irabazien %12 bideratu du Fagorrek Gizarte funtsera.
Debagoieneko egitasmoei dagokienez, 746.642 euro bideratu ditu lankidetza publiko-komunitarioan oinarrituriko Debagoiena 2030 iraunkortasun sarearen markoan abiaraziriko egitasmoetara. Horrekin, besteak beste, herritarren energia komunitateak sortzen edota egonkortzen lagundu du Debagoieneko ia herri guztietan; eta elikadura burujabetzan oinarritutako bailara mailako Tokixan proiektua sustatu du beste zenbait eragilerekin batera. Kopuru berdina (746.642 euro) bideratu du Debagoieneko zenbait hezkuntza zentro eta proiektutara, hala nola, lurraldeko industriaren eraldaketa bultzatzen duen Hirekin berrikuntza eta ekintzailetza gunera, Arizmendi Ikastolako Almen gunearen Torrebaso 2030 hezkuntza proiektura eta HUHEZIren (Mondragon Unibertsitatea) Dorleta eraikinaren eraberritzera. Horietara mugatu barik, 298.657 euro bideratu ditu Debagoieneko bestelako ekinbidetara.
Ostera, 779.775 euro bidertu ditu Fagorreko kideak gizarte erronketan inplikatzea bilatzen duten ekimenetara. Horien artean daude lan munduan euskararen erabilera normaliza dadin Taldeko kooperatibetan martxan dituen Euskara planak, lanera bidean mugikortasun iraunkorra bultzatzen duen Fagor Mugi egitasmoa eta bazkideen inplikazio zuzena bilatzen duen Fagor Elkarrekin -haren bidez, kideei aukera eskaintzen zaie elkarte desberdinetan boluntario izateko, dohaintzak egiteko…-. Zehatz esanda, Euskara planek jaso dute laguntza handiena (716.777 euro).
Eta mundu mailan, ohiko laguntzekin jarraitu du Fagorrek, guztira, 298.657 euroko ekarpena eginda. Aurten ere, Mundukide Fundazioak jaso du laguntza handiena (288.657 euroko), garapen bidean dauden herrialdeen garapen komunitariorako proiektuekin jarraitzeko -besteren artean, Mozambiken, Kolonbian, Etiopian, Ekuadorren eta Brasilen dihardu-. Mundu mailako hizkuntza gutxituak berreskuratzeko lanean ari den Garabide elkartea ere lagundu du.
Fagor Herrigintza, hirugarrenez
Debagoienetik harago eginez, 149.146 euroko ekarpena jaso dute Euskal Herriko beste zenbait egitasmok. Nagusiki, Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez banatu dira horiek. Alegia, hirugarrenez, 120.000 euro bideratu ditu Fagorrek Euskal Herri hobe baten alde diharduten gizarte proiektuak laguntzera. Aurten ere, hiru proiektu lagundu ditu: Asuoyako (Ganha) lanbide heziketa eskolan eguzki plakak jartzeko Hiruatx elkarteak abiaraziriko egitasmoa (60.000 euro), Elorrioko (Bizkaia) Txintxirri Ikastolaren Teilatu bizia proiektua (40.000 euro) eta Ihitten elkartearen Bullyngari galga ikus-entzunezkoa (20.000 euro).