Skip to main content

Fagor Herrigintza lankidetza programa berria abiaraziko du Fagor Taldeak irailean. Zehatz esanda, herrigintzan diharduten eragileei IPDKtik eskainiriko laguntza ekonomikoen banaketarako sistema berrantolatzearen ondorio da ekinbide berria. Alegia, orain artean, aldian aldiko hitzarmenen bidez banatzen zen laguntza eta Gizarte Eraldaketa Batzordeak zeukan proiektuak aukeratzeko ardura. Orain, banaketa zehazteko irizpideak eta oinarriak adostu dira. Ostean, Fagor Taldeko kooperatibetako kideek lukete, bozka bidez, laguntza ekonomikoak jasoko dituzten eragileak eta proiektuak hautatzeko aukera. Behinik behin, hiru laguntza banatuko lirateke -urtero egingo da deialdia-: 60.000  euroko laguntza izango du bozkatuena izan den eragileak; 40.000 eurokoa, bigarrenak; eta, 20.000 eurokoa, hirugarrenak. Irailaren 1etik 30era bitartean egongo da Fagor Herrigintza deialdia zabalik. Eta abenduan zabalduko da bozka emateko aukera.

“Fagor Taldeak balioan jarri gura du herrigintzan diharduten eragileen jarduna. Beti izan du lotura estua komunitatearekin, eta aurrera urratsak egiten segitzen du bide horretan. Banaketa sistema berriarekin, eragile gehiagok izango dute euren proiektuak aurkezteko aukera”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Urtero lez, urteko irabazien %12 bideratuko du kooperatiba taldeak gizarte funtsera, gizarteko ekimen desberdinak lagundu guran -horren zati bat joango da Fagor Herrigintza lankidetza programara-. 2021ean, Bizipozak (30.000 euro), Errigorak (25.000 euro) eta Gureak elkartearen Pauso Berriak proiektuak (12.000 euro) jaso zuten lankidetza programari loturiko laguntza.

Proiektuen aurkezpena

Eragileek irailaren 1etik 30era bitartean izango dute proiektuak aurkezteko aukera fagor.eus webgunean euren esku jarriko den Fagor Herrintza atalean. Ostean, adosturiko oinarrien araberako balorazioa egingo da -puntuaketa sistema bat dago finkaturik-, hamar eragileren  proposamenak aukeratuz. Hori eginda, horien artean bozkatuko dute Fagor Taldeko kooperatibetako kideek, hiru proposamen aukeratzeko. “Bazkideen parte hartzea ere bultzatu gura da. Eurek erabakiko dute zein hiru proiektu lagunduko dituen Fagor Taldeak. Sortu berri den Fagor Elkarrekin tresnaren bidez egingo dugu bozketa, abenduan”,  argitu du Otxandianok. Laguntza jasotzeko, beharrezkoa izango da irabazi asmorik bariko erakundea izatea eta egoitza nagusia Euskal Herrian edukitzea.