Skip to main content

BIEMH makina-erremintaren nazioarteko biurtekoan da Fagor Automation. Aurtengoan, 1.400 enpresa ingururen erakusleiho bilakatu da ekainaren 17ra bitartean, ¡More BIEMH than ever! lemapean, BECen (Barakaldo) egiten ari diren azoka -nazioarteko enpresa ugari dira hartan-. Bada, hitzordua ez da edozelakoa kooperatibarentzat: “Plazera da 4 urteren ostean BECera bueltatzea. Ilusioz gaude. Gure ezagutzak eskaini gura dizkiogu sektorearen garapenari, eta, hori horrela, azken urteotan geure produktuetan egindako hobekuntzak aurkeztuko ditugu BIEMHn”. Euren aldetik, “onura handiak” espero dituzte azokaren antolatzaileek.

Azken urteotan, puntako automatizazio soluzioak eskaintzeko lanean jardun du Fagor Automationek, eta, Covid-19ak ergaindako lau urteko geldialdiaren ostean, berreskuratu berria den BIEMH azokan aurkeztu gura izan du egindakoaren emaitza. Tartean, CNC Quercus sistema berritua eroan du azokara, haren abantailak ikusarazi nahian. Horien artean dira egungo eta etorkizuneko merkatu-eskakizun zorrotzenetara egokitzeko aukera ematen duten  kontrol-algoritmo indartsuagoak, 100 MBko komunikazio-busa, full sistema digitala edota HMIelite berria.

Zumitzeko enkoder linean itxian, hobekuntzak

40 urteko esperientziari eta know-howari esker, zumitzezko enkoder lineal itxi bat (50 metrorainokoa) fabrikatzen duen enpresa bakarra da Fagor Automation -teknologia absolutua eta bereizmeneko 10 nanometro ditu-. Eta, hor ere, egin du hobekuntzarik kooperatibak. Besteren artean, katalogoan berriki sarturiko eraztun absolutu optikoen familia eroan du kooperatibak bienalera. Zehaztasuna, biraketa-abiadura handia eta ebazpenik onena eskatzen duten enkoderren gama osatzen du hark, eta Fagor Automationek patentatutako 3STATECH teknologia darabil.

Bestetik, makinentzako digitalizazio-soluzioak ere ikusgai ditu kooperatibak. Hor da Fagor Digital Suite tresna. Haren bidez, gainerako ekoizpen- eta kudeaketa-sistemekin konekta daiteke makina, beharrezko datu guztiak harenganatuz, eta, harenganaturikoa, baliozko informazio bihurtuz, erabaki hartzea errazteko, batez ere.