Skip to main content

Azken hilabeteotan hedabide eta euskarri komunikatibo ugari mintzo dira erdieroaleen sektorean eskaerak asetzeko dauden zailtasunez. Bada, gaiaren inguruko argipenak eskaini gura izan ditu Mikel Trojaola Ayastuy Fagor Electrónicako gerenteak. Hain zuzen ere, 1965. urteaz geroztik dihardu kooperatibak erdieroaleen ekoizpenean murgildurik, eta, ordutik gaurdainoko esperientzian, ez du sekula ikusi automozioa moduko sektoreak geldiarazteko osagai gabeziarik -horixe gertatu da azken hilabeteetan-. “Betidanik egon da Asiako ekoizpenarekiko dependentzia. Oraingoan, baina, pandemiak eragindako ordenagailuen, telefono mugikorren zein tableten kontsumo hazkundeak; telefono mugikorrak 5G teknologiara egokitu beharrak; eta ibilgailu elektrikoen gorakadak bereziki handitu dute erdieroaleen eskaera. Erantzun dezaketena baino eskari handiagoz dihardute bezero askok”, argitu du Fagor Electrónicako gerenteak.

Horrek, ekoizpena zenbait egunez eten beharra ekarri die munduko zenbait enpresei. Eta ez da egoeraren epe laburreko hobekuntzarik aurreikusten: erdieroale beharra duten sektoreek ez dituzte euren eskariak murriztu, eta denbora behar da mikroprozesadoreen ekoizpen gaitasuna handitzeko. Bada, aurreikuspenen arabera, egoera 2022ko bigarren seihilekoan normalduko litzateke. Oraindik orain, dena den, Fagor Electrónicak ez du haren ekoizpena eten, tartean, planifikazioaren unean unera moldatzeko gaitasunak eta sektoreen zein zirkuitu elektrikoen dibertsifikazioak eraginda. Hori bai, ez dute bazterturik, mikroprozesadoreen edo bestelako osagai erdieroale baten gabeziak eraginda, uneren batean ekoizpena eten beharra izatea. Gainera, ezin daiteke ahantzi Txinak garestitu egin dituela osagaien prezioak eta horien garraioa. Horrek ere badu eraginik Europako enpresengan.

Irtenbidek irtenbide, mikroprozesadoreen ekoizpenerako plantak eraikitzea ez litzateke egun batetik besterakoa, besteren artean, hartarako beharrezko litzatekeen jakintza teknologikoak eta halako erabaki batek eskatuko lituzkeen inbertsioen dimentsioak eraginda. “Estatu edo kontinente mailako politiko teknologikoa behar litzateke horretarako, eta hori ez da batere erraza Espainiako Estatuan edo Europan, hainbaten artean, gobernuen interesen artean dauden aldeengatik”, azaldu du Trojaolak. Gaur-gaurkoz, totala da Asiako mikroprozesadore ekoizpenarekiko dagoen dependentzia, duela 20-25 urte erdieroaleen produkzioa bertara eroateko hautua egin ondotik.

Fagor Electrónicaren erdieroaleak

Osagai diskretuen familian dira Fagor Electrónicak ekoizten dituen erdieroaleak. Zirkuitu elektroniko bateko seinale elektrikoa zuzentzeaz, indargabetzeaz eta mugatzeaz arduratzen dira horiek, seinalea zirkuituaren mikroprozesadore edo mikrotxipera heltzean, hura (garuna) baldintza egokietan egon dadin dagozkion erabakiak hartzeko eta edozein aplikaziotarako seinale zein ekintza egokiak igortzeko. Gisakoak oso erabiliak dira automozioaren, etxetresnen, ordenagailuen, telefono mugikorren, IoT-en (Internet of Things)… sektoreetan. “Adibide moduan, esan genezake munduan saltzen diren lau ibilgailuetatik batek, eta, hamar egoste plaketatik batek, Fagor Electrónicako osagaiak daroatzatela”, argitu du kooperatibako gerenteak.

Erdieroaleen krisia hobeto ulertzeko infografiak argitaratu ditu Fagor Electrónicak: