Skip to main content

COVID-19ak ezaugarrituriko testuinguruak eguneroko bilakatu du musukoaren erabilera. Pandemia garaiko lan alorreko protokoloek haren erabileraren derrigortasuna dute jasota, eta, beraz, asko dira egunero Fagor Taldeko kooperatibetan langileen artean banatzen direnak. Oraindik orain, dena den, musukoak ez dira birziklagarriak eta hondakin arriskutsu moduan daude katalogaturik. Artean ere, horri irtenbidea eman gura izan dio Fagor Taldeak, musukoak ekonomia zirkularraren filosofiaren barruan sartu guran. Zehatz esanda, bat egin du Reciclamascarilla zerbitzuarekin, eta, horri esker, Fagor Taldeko bulego orokorretako, Fagor Electronicako eta Fagor Ederlaneko langileen musukoei bestelako erabilera bat emango zaie.  Aurrera begira, ez da kooperatiba gehiagoren atxikimendua baztertzen.

“Asko dira egunero geure kooperatibetan erabiltzen diren musukoak. Gainera, birziklapenerako ohiko bideek ez dituzte birziklagarritzat. Bada, zer gertatzen da egunero sortzen diren musuko tonekin? Gizartean errotua dagoen kezka da hori. Arazoaren irtenbidearen bila ibili gara Fagor Taldean, eta, esan daiteke, neurri batean, topatu dugula”, argitu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Esan barik doa Fagor Taldeak erdigunean jarria duela iraunkortasunaren gaia.

Finean, ekinbide berriarekin, Taldeko hainbat kooperatibetan erabili eta botatzen diren musukoak ekonomia zirkularraren filosofiaren barruan sartzea lortu da, bota osteko erabilera bat emanez. Hain zuzen ere, Reciclamascarilla ekinbideak tenperatura eta presioa altuko prozesu bat darabil, musukoa inertizatzeko eta industria interesekoak diren hidrokarburo edo bestelako azpi-produktu bilakatzeko.