Skip to main content

Enpresen Nazioartekotzearen saria jaso du Fagor Electrónicak, lurraldeko enpresen lana aitortu guran Gipuzkoako Ganberak apirilaren 1ean antolaturiko ekitaldian. Sariaren arrazoiez mintzo, halaxe azaldu du epaimahaiak: “Aitzindari da nazioartekotzean, 1992an Asian bere lehen ekoizpen-planta martxan jarri zuelako, eta azken bi urteetan lantokiak ireki dituelako beste lau herrialdetan”. Besteren artean, aintzat hartuak izan dira sei estatutan banatuak dauden Fagor Electrónicako zazpi kooperatibak: bi ditu Espainiako Estatuan; eta, bana, Thailandian, Txilen, Mexikon, Turkian eta Kolonbian. Horrez gainera, esangura handikoak izan dira Europako, Asiako eta Ameriketako hainbat merkatutan egindako esportazio-maila (% 70etik gorakoa).

Osagai elektronikoen ugaritzea

2016. urteaz geroztik, goraka doa izaera elektronikoko osagaien eskaera -azken urteotan, sektore askotan sartu dira gisakoak-. Bada, eskariaren bultzadak eta Fagor Electrónicak nazioarteko bezeroekin erdietsiriko posizionamenduak, kanpoko produkzio-ezarpenen bigarren prozesu bat abiarazi beharra dakarte, bezeroei eskaturiko estatu horietan hornitzeko. Bezero horien artean dira Toyota, Airbus, Robert Bosch, Grupo Antolin, Siemens, Electrolux, Eika eta Copreci.

Hain zuzen ere, egiten ari den nazioarteko hedapena bizkorra eta eraginkorra dela iritzita eman diote saria Fagor Taldeko kooperatibari. 2021ean, 75 milioi eurokoa izan zen haren fakturazioa. Eta gora egin zuten haren salmentek. Hainbat kontinentetan izan zituen salmentak: % 35, Europan; %40, Asian; eta, % 25, Ameriketan.

Saria jaso zuten beste zenbait enpresa

Oro har, enpresek Gipuzkoan aberastasunaren eta enpleguaren sortzaile gisa egindako lana aitortu gura izan du honezkero hiru hamarkada eginak dituen sariak. Hori oinarri, askotarikoen lana saritu du Gipuzkoako Ganberak. Besteren artean, Gipuzkoako Enpresa izendatu du Grupo Lacor-Ibili bergararra;  ETE Industrialeko Enpresa, Iruko Dinuy; Zerbitzu Enrpresa, Suministros GAMESA; eta, Berrikuntza Enpresa, BioTech Foods.

Hemen, sari banaketa ekitaldian eskainiriko aurkezpen bideoa: