Skip to main content

Elkartasun urratsez bete da Aretxabaletako (Gipuzkoa) Urkuluko urtegi ingurua urriaren 22an eginiko Mundukideren lasterketa solidarioan. Hitzordua bat etorri da Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Astearekin, ohi moduan, horri loturikoa baita ekinbidearen helburua: Mundukidek Afrikan eta Hego Amerikan abiaraziak dituen lankidetza-programak indartzea -helburu horretara bideratzen da bildutako dirua-. Bada, Fagor Taldearen ordezkaritza zabala izan da elkartasun hitzorduan, eta sailkapenaren goiko postuetan bukatu duen kooperatibarik ere izan da. Izan ere, Copreciko kideek osaturiko talde bat garaile izan da taldekako lasterketa mistoan -hirugarren postua eskuratu du Fagor Electrónica ordezkatu duen talde batek-; eta, emakumezkoenean, bigarren sailkatua izan da Copreciko talde bat.

Dena den, Mundukideren lasterketa solidarioan, sailkapenak ez du esangurarik. Elkartasun ekimena izaki, pilaturiko elkartasun urratsak dira arrakastaren oinarri. Hain zuzen ere, elkartasun ekimenak babestu beharra azpimarratu du Odei Guridi Otxoa Fagor Electrónicako kideak -ekimenaren antolatzaile nagusien artean da Fagor Electrónica-: “Munduko aberatsenen artean da gure gizartea, eta, zalantzarik gabe, gu gara energia, produktu kimiko, mineral eta bestelako materialen erabiltzaile handienak. Ondorioz, gu gara CO2 isurketa kopuru handienen eragile. Hori aldatu beharra dugu, eta aldaketa handiak beharko dira. Bitartean, dena den, gure ekarpen bakarra kaltea izan ez dadin, benetako elkartasunean jardun behar dugu. Eta horretan dihardu Mundukidek”.

Bere aldetik, Mundukideko ordezkaritza “pozik” azaldu da hitzorduak izaniko harrerarekin. “Mundukiderentzat gozo diren emozioek busti zuten lasterketa solidarioa. Helburuak erdietsi ziren: ehundaka pertsona bildu zituen ekimenak eta giro ona nagusitu zen. Zer da elkartasuna? Hau da elkartasuna!”, azaldu dute Mundukideko ordezkariek. Era berean, eskerrak eman dizkiete hitzorduan parte hartu zutenei, “bereziki, lanean jardun zuten pertsona boluntarioei”.

Hainbat aukera

Besteren artean, 6,3 kilometroko bidea egiteko aukera izan zuten nagusien modalitatean izena emana zutenek: hiruko taldeetan antolaturiko lasterketa (11:00etan hasita), martxa nordikoa (10:30ean hasita) eta oinezko bidea (10:30ean hasita). Eta gaztetxoenek ere izan zuten ekimenaz gozatzeko aukerarik, haien adinaren arabera zehazturiko ibilbidearekin.