Skip to main content

Fagor Taldeko kooperatiba den Mondragon Assemblyk ekoizpen fotovoltaiko automatizaturako 500MW-ko linea egingo du Indiako Nithin Sai Renewables enpresarentzat -hura, Nithin Sai Constructions enpresarekin dago loturik-. Hain zuzen ere, herrialdearen hegoaldean dagoen linea aurreratuena eta handiena litzateke, eta, harekin, ohikoan baino tentsio handiagoko moduluak ekoitzi ahal izango lituzke Mondragon Assemblyren bezeroak -ebaketa handiagoko gelaxkak izango lituzkete horiek-. Akordio berriarekin, iraunkortasunean eta energia garbian aurrera egiten segitzeko konpromisoa berretsi dute bi enpresek. “Ohore bat da halako proiektu baten parte izatea. Gainera, lagungarri izango da bezeroa eguzki plaken ekoizpenean erreferente bilaka dadin”, aitortu du Manish Bansal Mondragon Assembly Indiako zuzendariak. Aurreikuspenen arabera, lantegia martxan legoke 2024ko bigarren hiruhilekorako.

Mondragon Assemblyk egindako linea M10 half cut gelaxken ekoizpenarekin hasiko litzateke lehen egunetik. Eta horretan geratu barik, erraz moldatuko litzateke hurrengo belaunaldietako moduluetara edota M3 eta M12 arteko neurria duten gelaxketara -barruan leudeke 15BB gelaxkak-. Gainera, Glass Glass edota Glass-Back laminadun moduluak ekoizteko aukera eskainiko luke. Hori guztia, linea berriak barnebilduriko puntako teknologiari esker litzateke.

Bere aldetik, Nithin Sai Nithin Sai Renewables enpresako zuzendaria baikor azaldu da proiektuarekin. Eta, haren esanetan, hasiera batean, efizientzia handiko modulu propioak erabiliko lituzkete. Era berean, “pozik” azaldu da Make in India ekinbidearen parte izateagatik. “Mondragon Assembly eta Nithin Saik urrats berri bat egin dute interkooperazio teknologikoan, eta, oraindik ere, bide luzea dute elkarrekin egiteke. Besteren artean, puntako I+D instalazioetan sakonduko du Nithin Saik, ikerketa zentro ezagunekin eta Mondragon Assemblyrekin batera. Azken hori I+D proiektu askorekin dabil mundu osoan”, aitortu du Ramesh Shivanna Nithin Sai Renewables enpresako teknologia zuzendariak.