Fagor Automationek eta Adaki branding eta komunikazio enpresak Dircom Ramón del Corral saria jaso dute Krisi Komunikazioaren kategorian, pandemian elkarlanean landu duten Open To Your World proiektuagatik.
Dircom Komunikazio Zuzendarien Elkartearen ekimen dira Dircom Ramón del Corral sariak. “Espainiako Estatuko komunikazio korporatiboaren arloko praktika onenak eta kasu arrakastatsuak saritzen dituzte”, argitu dute Fagor Automationeko kideek.
Nazioarteko merkaturatzeari loturiko aitorpena
2020an, gizarteak Covid-19a eta haren ondorioak ezagutu zituenean, Quercus eta Series 3 produktu berrien nazioarteko merkaturatzea prestatzen ari zen Fagor Automation. “Produktuak mundu osoko sektoreko hainbat azokatan aurkeztea zen asmoa, baina, mundu mailako krisi egoera berriaren aurrean, bertan behera geratu zen ordura arteko plan guztia”, azaldu dute kooperatibetako kideek.
Orduan, irtenbide berriak bilatzeari ekin beharra izan zion Fagor Automationeko eta Adakiko kideez osaturiko lantaldeak. Bada, kanal digitalen bidez, zerotik sortutako estrategia batekin, mundu osoko bezero eta bezero potentzialengana iristeko modu berriak aztertzen hasi ziren. Horrela jaio zen Open to your world.
Hala, Webinar-en eta herrialde bakoitzari egokitutako komunikazio zein marketin estrategia baten bidez, munduko bederatzi herrialdetan aurkeztu zituzten produktu berriak: Espainiako Estatuan, Italian, Alemanian, Portugalen, Brasilen, Taiwanen, Japonian, Korean eta Txinan.