Skip to main content

Makinen automatizaziorako zein kontrolerako produktuak garatu eta fabrikatzen dituen Fagor Automationek aurrerapauso berria eman du fabrikazioaren munduan teknologia digitalak sartzeko estrategian, Savvy Data Systems prozesuen digitalizazio-enpresaren kapital sozialean sartuta. Lortutako akordioarekin,  Savvyko Administrazio Kontseiluko kide bilakatu da Fagor Automation, eta prozesu-industriaren zein makina-erremintaren eraldaketa digitalean espezializatuta dagoen Donostiako enpresaren bazkide industrial berria izango da.

Lankidetzari esker, Savvyren teknologiak eta soluzioak sartu ahal izango ditu kooperatibak  haren zerbitzu-eskaintzan. Bada, Igor Murgiondo Fagor Automationeko Service Managerrak kooperatibaren berrikuntza-estrategia jarri du akordioaren erdigunean: “Savvy Data Systemsen sartzeak gure berrikuntza-estrategiarekin du zerikusia. Azken urteotan core teknologiak garatzera eta partner berriekin aliantzak egitera joan dira gure ahaleginak, kooperatibaren espezializazioaren parte ez izan arren, eskaintza osatzen duten soluzioak eskaintzeko asmoak bultzatuta. Teknologia digitalak esangura handia du horretan”.

Gauzak horrela, akordioak eraginda, Savvyren gaitasunak eta ezagutzak erabili ahal izango ditu Fagor Automationek. Horiek, besteren artean, makinetatik eratorritako datuak informazio bilakatzeko soluzioen garapena dute oinarri. Horrek, prozesuen lehiakortasuna optimizatzea eta hobetzea ahalbidetzen die bezeroei.

Lankidetza estuaren emaitza

Bi enpresek hainbat urte daramatzate elkarlanean, eta horrek esangura handia izan du akordioan. Danobatgroup makina-erremintaren fabrikatzaileak, Savvy Data Systems enpresaren bazkide nagusiak, hasieratik babestu du aliantza. Hari esker, esaterako, Fagor Digital Suite produktu pertsonalizatua garatu ahal izan dute -makinak produkziorako eta kudeaketarako sistemekin konektatzen ditu hardware zein software azpiegituren bidez-.  Oro har, zerbitzu katalogo oso bat eskaintzen du makina-erreminten fabrikatzaileentzako, banatzaileentzako eta azken erabiltzaileentzako.

“Savvyrekin dugun harremana ez da berria. Proiektu asko garatu ditugu elkarrekin. Hor, hainbat teknologia landu ditu Fagorrek aditu gisa zenbait alorretan: zenbakizko kontrolean edota txirbil-harroketako, laserreko, harrizko eta beste mekanizazio-sektore batzuetako makinen automatizazioan. Savvyk, berriz, konektibitatean eta datu-analisian egin du haren ekarpena. Bada, 2021aren amaieran eginiko EMO azokaren azken edizioan, lankidetza-hitzarmena sinatu genuen, eta, bost hilabete beranduago, Savvyko kapitalean sartuak gaude”, azaldu du Murgiondok.

Bestalde, Fagor Automationekin sinaturiko akordioak haren enpresari egiten dion ekarpenaz egin gura izan du berba Fernando Saenz Savvy Data Systemseko zuzendari nagusiak: “Merkataritza-lankidetza hitzarmen batek eskaini ohi duenetik harago joan nahi genuen. Guretzat bazkide estrategikoa da Fagor Automation, nazioarteko hedapenean lagun gaitzakeena. Fagorrek merkatu potentzial handia eskaintzen dio Savvyri. Oro har, Italiako, Frantziako, Portugaleko eta Asiako merkatuetarako ateak zabaltzen dizkigu hitzarmen berriak”.