Skip to main content

Azken egunetan sartua da Fagor Herrigintza lankidetza programaren deialdi berria. Zehatz esanda, irailaren 30ean, astelehenean, bukatuko da proposamenak aurkezteko epea. Ohi moduan, hiru laguntza (60.000 eurokoa, 40.000 eurokoa eta 20.000 eurokoa) emango ditu Fagorrek, 120.000 euro, osotara. Gizarte eragileek fagor.eus webgunean aurkeztu beharko dituzte euren proiektuak, gutxienez, euskaraz.

Egitasmoak aurkezteko epea bukatuta, aurrez ezarririko oinarrien araberako balorazioa eginda, Fagorreko kooperatibetako bazkideek aukeratuko dituzte Fagor Herrigintza bidez lagunduko diren hiru proiektuak —puntu gehien eskuratu dituzten egitasmoak pasako dira bozketa fasera—. Azaroko lehen hamabostaldian egingo da hori. Azkenik, abenduaren 16an iragarriko da zein gizarte egitasmo lagunduko dituen Fagor Taldeak Fagor Herrigintza lankidetza programaren 2024ko deialdian.

“Erritmo onean doa. Dagoeneko esku artean ditugu zeinbait proposamen. Eta asko eta askotarikoak dira aurtengo deialdiari loturik Fagorrekin harremanetan jarri diren gizarte eragileak. Esan daiteke indartzen eta erreferente bilakatzen ari den deialdia dela Fagor Herrigintzarena”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.