Skip to main content

Fagor Taldeko kooperatiba den Mondragon Assemblyk urrats berria egin du muntatze prozesuen automatizazioan, mundu mailako lidergoa indartuz. Hain zuzen ere, bateria prismatikoen linea pilotu berri bat landu du egoitza nagusia Vilniusen (Lituania) duen eta eguzki-teknologian aitzindari den SoliTek enpresarentzat. Bezeroak dagoeneko jasoa eta balioztatua du proiektua -egitasmoa mugarri garrantzitsu eta arrakastatsu da bi enpresentzat-.

Proiektuak badu esangurarik, izan ere, Mondragon Assemblyk egin berri duena, gaur-gaurkoz, pack prismatikoen muntaketarako linea oso bakarra da estatu baltikoetan. Era berean, egitasmo berriarekin, berretsi egin da Mondragon Assemblyk eta SoliTekek etorkizun energetiko berdeago eta iraunkorrago bat eraikitzeko duten konpromisoa, eta agerian geratu da berrikuntza eta teknologia aliatu eraginkor izan daitezkeela bide horretan.

Planeta hobetzeko proiektua

“Gizartearen eskura jartzen dugu baterien eta panel fotovoltaikoen muntaketarako lineetan dugun ezagutza. Harro egoteko modukoa da hori. Ostera,  SoliTek enpresarentzat landuriko proiektuak agerian uzten du berrikuntza eta iraunkortasuna aliatu onak izan daitezkeela bezero eta ingurumenari irtenbide praktiko zein eraginkorrak eskaintzeko zereginean”, azaldu du Juan Jose Franco Zamora E-mugikortasun eta Energia biltegiratze alorretako salmenta zuzendariak.

SoliTek enpresarentzat landuriko linea pilotuak biltegiratze egonkorrerako aukerak eskaintzen ditu autokontsumo sistemetarako edota sarera konektaturik daudenentzako; eta baliagarri da eguzki-energiarentzako, energia eolikoarentzako edota bestelako energia berriztagarrientzako. Gainera, potentzia gailurreko egoeretan, bateriak aurrezteko bitarteko izan daitezke.

Hemen, SoliTek enpresarentzat eginiko bateria prismatikoen linea pilotuari loturiko bideoa: