Skip to main content

Bizikleta elektrikoak, patinete elektrikoak eta motozikletak moduko tamaina ertaineko ibilgailuetan; edota ahalmen altuko droneak, robotak edo funtzionamenduan segurtasun maila altua eskatzen duten osasun sistemak bezalakoetan erabilgarri liratekeen bateria paketeen ekoizpenerako linea berria diseinatu eta hornitu du Fagor Taldeko Mondragon Assembly kooperatibak.

Bateria konfigurazio desberdinak bloke geometriko ezberdinetan muntatzeko aukera eskaintzen du linea berriak. Horretarako dago robotizatua eta automatizatua. Instalakuntza berriari esker, gainera, haren ezaugarrien eta polaritatearen arabera hartu, sailkatu, egiaztatu eta kokatu daitezke pila indibidualak, ostean, konektore metalikoen bidez, hautaturiko konfigurazioan haien soldatze anodikoari eta katodikoari ekiteko. Halaber, blokea ixten duten plastikozko euskarriak ere linean muntatzen dira.

Ikusmen artifizialeko robotak eta sistemak edota kontrolerako software indartsu bat eskaintzen ditu Mondragon Assemblyren linea berriak. Eta litiozko ioien teknologia duten baterien eta bateria paketeen sorkuntzan zein ekoizpenean Frantziako Estatuko lider den Batteries Prod enpresaren plantan bertan izan da muntatua -haren teknologia aurreratuen eta merkatuko hazkunde esanguratsuaren adierazgarri da planta berria-.

Oro har, Mondragon Assembly haren lidergoa indartzen dabil Frantziako Estatuan, batez ere, e-mobilityra bideraturiko muntaia-lineen diseinuan, izan baterien muntaiarako, auto elektrikoen motorretako erretore-estatoreetarako edo e-cars deiturikoen osagaietarako.