Skip to main content

Azken txanpan da TFG-TFM Mondragon sarien bosgarren edizioaren izen-ematea. Gradu zein master bukaerako lana egin berri dutenek irailaren 30era bitartean izango dute aurkezteko aukera, Shakinghub webgunean. Aurten ere, bost kategoria edo sari nagusi izango dira, tartean, deskarbonizazioari, ekonomia zirkularrari zein neutraltasun klimatikoari lotutako Eraldaketa energetiko-klimatikoaren Fagor Taldea saria. Osotara, 26.250 euro banatuko dira saritan.

Beste urte batez, diziplina anitzeko epaimahaiak osatu dira aurkezturiko lanak ebaluatu eta saridunak zehazteko. Fagorren kategoriaren kasuan, Maria Jose Sanz Sanchez BC3ko zuzendari zientifikoak, Ion Agirre Arisketa Bilboko Ingeniaritza Eskolako (EHU) idazkari akademikoak, Olga Martin Garcia Aclimako zuzendari nagusiak, Lander Jimenez Ocio Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Miryam Mateo Martin Fagor Arrasateko iraunkortasun arduradunak, Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko iraunkortasun arduradunak, Saioa Martinez Martinez Fagor Electrónicako iraunkortasun zein ingurumen teknikariak eta Ibon Antero Intxausti Mondragoneko jasangarritasun zein gizarte eraldaketako arduradunak osatzen dute epaimahaia.

XXI. mendeko erronkak

TFG-TFM Mondragon sariek XXI. mendeko erronkak dituzte erdigunean -horiek dituzte oinarri ekinbideak dituen bost kategoria nagusiek-: eraldaketa digitala, pertsonetan oinarritutako eraldaketa, energia- eta klima-erronka, osasun- eta zaintza-berrikuntza eta inpaktu soziala helburu duten finantzak. Horiez gain, berrikuntza zein ekintzailetzari, eragin sozialari eta euskarari lotutako hiru sari gehigarri izango dira.

Lanak aurkezteko baldintzak

Aurkezten diren gradu edo master bukaerako lanek lotura zuzena izan beharra dute TFG-TFM Mondragon sarietako bost kategoria nagusietako batekin. Ostera, 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean egon beharko du unibertsitate batean aurkeztuta, eta gutxienez 8 puntukoa izan beharko da kalifikazioa -10eko eskala batean-. Bukatzeko, TFG-TFM Mondragon sarietan parte hartzeko derrigorrezkoa da adinez nagusia izatea.

Proiektuak aurkezteko deia

Sarien bultzatzaileek proiektua aurkezteko deia egin diete urtean zehar gradu edo master bukaerako lana egiten jardun dutenei -horietako zenbaitek Fagorreko kooperatibetan edo bestelako enpresetan jardun dute-. Besteren artean, azaldu dute deialdiak aukera dakarrela hilabeteetan zehar egindako lanketari segida emateko eta horren emaitza hedatzeko.