Elikaduraren, kimikaren eta farmaziaren sektoreei begirako altzairu herdoilgaitzezko biltegiratze eta prozesu-soluzioen diseinuan zein fabrikazioan ibilbide luzea duen Inoxilos enpresaren ekoizpen unitatea erosi du Fagor Arrasate kooperatibak, dibertsifikazio estrategian urrats berria eginez. Enpresak, Castellbisbalen (Bartzelona) du egoitza nagusia, eta Herpasa markapean merkaturatzen ditu haren produktuak. Hartzekodunen konkurtsoa amaituta, likidazio-fasean zegoen, eta horrek ahalbidetu du erosketa.
Besteren artean, Herpasak martxan dituen proiektu guztiak hitzartutako baldintzetan amaitzeko konpromisoa hartu du Fagor Arrasatek. Are: talde teknikoa eta ekoizpeneko langileen taldea indartuko ditu, markaren bereizgarri diren zerbitzuaren jarraipena eta ezagutza espezializatua bermatzeko.
Hazteko bokazioa
Erosketarekin, egungoen osagarri den jarduera berri bati helduko dio Fagor Arrasatek, eta, hainbaten artean, ingeniaritza-gaitasuna, industria-azpiegitura eta nazioarteko merkataritza-sarea eskainiko dizkio proiektuari.
Oro har, aurrera begirako asmoez egin du berba Mikel Lopez Guerra Fagor Arrasateko Siderurgia negozio unitateko zuzendariak eta Herpasaren arduradun berriak: “Herpasa, prestigio handiko marka da bere sektorean, eta balio tekniko handiko taldea du. Martxan dauden proiektuei jarraipena ematea eta bezero guztiei konfiantza transmititzea da gure lehentasuna. Hortik aurrera, haztea da helburua: oinarri teknikoa badugu, eta baliabideak eta merkataritza-sarea jarriko ditu Fagor Arrasatek, Herpasa beste maila batera eramateko”.





