Marka-irudi eta gobernantza modu berria aurkeztu ditu Debagoieneko Mankomunitateak -Debagoienean daude Fagor Taldeko kooperatiben egoitza nagusiak-. Mondragon Unibertsitateko Huheziren Aretxabaletako (Gipuzkoa) kanpusean egindako aurkezpen ekitaldiko parte-hartzaileen artean izan da Fagor. Besteren artean, Debagoiena 2030en izenean egin du berba Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak: “Etorkizuneko erronken tamaina ikusita, egiteko moduak aldatu eta lankidetza publiko-komunitariorako eskualde mailako eredu bat lantzeko aukera jarri zen mahai gainean duela zenbait urte. Guztion artean eragitea zen helburua, nork bere ekarpena egitea, beti ere, eskualde hau posizio onean egon zedin mundu mailako erronka horiei behar moduan erantzuteko. Intuizio bat zen, eta urte batzuk igarota, ikusi da egingarria eta emankorra zela”. Era berean, berretsi du Fagor prest dagoela elkarlanean eta Debagoienaren aldeko lanean jarraitzeko.
Herriz herri. Aurrez aurre lelopean, Mankomunitatearen aro berria iragarri da, eskualdeko gobernantza eredua eraldatzeko apustua berretsiz, lankidetza publiko-komunitarioa eta gertutasuna ardatz hartuta. Eskualdeko askotariko eragileen parte-hartzea izan du ekitaldiak, hala nola, eskualdeko zortzi udaletako ordezkariena, enpresa munduko arduradunena, gizarte eragileena eta herritarrena.
Hiru ardatz estrategiko
Mankomunitateko ordezkariek aurkezpenean azaldu dutenez, erakundeak hiru ardatz estrategiko nagusitan jardungo du hemendik aurrera: arlo sozialean, ekonomikoan eta ekologikoan. Eredu berri horrek lidergo kolektiboa eta lankidetza sustatzea luke helburu, “aldaketa klimatikoa, digitalizazioa edo desberdintasun soziala moduko erronka garaikideei modu partekatuan erantzuteko”.






