Kualifikazio maila handiko merkatu nitxoetan lider diren 53 euskal enpresez osaturiko zerrenda argitaratu berri dute Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak eta BBK Fundazioak, Ezkutuko Txapeldunen inguruan egin duten ikerketari lotuta. Zerrendan dira Fagor Taldeko Fagor Arrasate -metala konformatzeko makinetan- eta Fagor Automation –makina industrialendako automatizazio eta kontrol sistemetan-. “Business to business merkatuetan diharduten enpresak dira. Euren bezeroak ez dira bukaerako kontsumitzaileak, beste enpresa batzuk baizik. Oro har, nitxo espezializatuetan jarduten dute, nazioarteko presentzia indartsu batekin eta publikoki aparteko ikusgarritasunik izan barik. Hortik dator Ezkutuko Txapeldun kontzeptua“, azaldu dute ikerketarekin jardun dutenek.
Ibon Gil de San Vicente Izaga proiektuaren kudeatzaile eta Orkestrako kideak El Correo egunkarian esan duenez, Ezkutuko Txapeldunek “oso inpaktu positiboa” dute tokiko ekonomian, besteren artean, lan kualifikatua, jakintza teknikoa eta balio erantsi handiko sare industrialak sortzen dituztelako. Juan Luis Arriaga Ortega BBK Fundazioko estrategia eta ikerketa arduradunak gaineratu du enpresok aurrerapen teknologikoei, nazioartekotze estrategiei eta espezializazio mailari eustea lortzen badute, hein batean, “10, 15, 20 edo 30 urte barru” aberastasuna eta ongizatea bermatzeko gai den ekonomia izaten jarraitu ahal izango dela.
Egoitza nagusiak
Enpresen kokapenen ingurukoak ere aipatu ditu ikerketak. Ezkutuko Txapeldun diren 53 euskal enpresa horietatik 43k (%81) hiriburuetatik kanpo dituzte egoitzak. Fagor Arrasate eta Fagor Automation kooperatibek, adibidez, Arrasaten (Gipuzkoa) dituzte egoitza nagusiak, eta, oro har, sortzetik, esangura handiko lurralde dute Debagoiena (Gipuzkoa) eskualdea.






