Fagor Ederlanek berrikuntzaren eta posizio industrialaren alorretako aurrerapen garrantzitsuekin hasi du 2025-2028 Plan Estrategikoa. Produktuen esparruan, stator integratuak eta pieza estrukturalak fabrikatzeko soluzio berriak garatu ditu, eta emisio baxuko balazta diskoetarako teknologietan ere egin ditu zenbait berrikuntza sektorean hazten ari diren ingurumen eskakizunekin bat eginez.
Dibertsifikazio estrategikoa izan da ekitaldiaren beste zutabeetako bat: Fagor Ederbatt sortu da, goi tentsioko bateria sistemak garatzeko eta fabrikatzeko. Proiektu hori, Orkli, Mondragon Assembly, Mondragon eta Sprirekin egindako lankidetza batetik jaio da. Era berean, aluminio birziklatuan espezializatutako Fagor Regen Aluminumen % 51 eskuratzeak Ipar Amerikako merkatuan duen presentzia indartu du, eta egonkortu egin du ekonomia zirkularraren aldeko apustua.
Nazioartean, Duoli Technology talde txinatarrarekin egindako aliantzak hazkundea sustatu du Asian, eta Borjako (Zaragoza) instalazioak berrirekitzea ahalbidetu du Lieder Automotive joint venturearen bidez, osagai estrukturaletan duen gaitasun teknologikoa indartzearekin batera.






