Fagor Taldeko Mondragon Assembly kooperatibak ATP Engineering & Packaging enpresa kataluniarra erosi du -enpresaren kapitalaren %100 harenganatu du-, packagingaren sektorean hazteko. Egoitza Barbera del Vallesen (Bartzelona) duen enpresak, 60 langile ditu, eta 30 urteko ibilbidea ontziratze linea eta makinetan. Bartzelonan egin da akordio sinatzea, eta ATPko bazkide Nereo Urbano, Ignasi Manresa, Manel Bernat eta Joaquin Bellido Martinez; Mondragon Assemblyko zuzendari nagusi Mikel Gantxegi; eta kooperatibako lehendakari Igor Herrarte izan dira bertan.
Erosketarekin, gaitasun teknologikoa indartu du Mondragon Assemblyk, eta, elikagaien packagingaren sektorean parte hartze zuzena izanda -bereziki, picking eta ahokatze lineetan-, urrats estrategikoa egin du dibertsifikazioan. Akordioari esker, merkatuan posizio bat, esperientzia zabala, bezero garrantzitsuak, teknologia aurreratua, kalitatezko produktuak eta talde profesional sendoa dituen enpresaren bidez jardun ahal izango du kooperatibak sektorean.
ATPri, ostera, talde kontsolidatu baten parte izateko, merkatu berrietan nazioarteko sare garrantzitsu baten bidez sartzeko, baliabideak eta finantza-gaitasuna indartzeko edota planta desberdinak dituen eta askotariko herrialdeetan diharduen talde baten kudeaketa sisteman parte hartzeko aukerak eskaintzen dizkio akordioak.
Oro har, erabakia hartzean, bi enpresen jardueren konbergentzia eta sinergia maila izan dituzte oinarrian, iritzita potentzialitate handia dakarkietela garatzen jarraitzeko eta merkatu berrietara hedatzeko. Hori horrela izan dadin lan egiteko konpromisoa berretsi du Mondragon Assemblyko zuzendari nagusiak: “Gure esku dagoen guztia egingo dugu elkarrekintza honek epe luzeko berrikuntza eta proiektuaren parte izango diren belaunaldi guztien oparotasun iraunkorra berma ditzan”.
Gama zabala eta berrikuntza
Packaging lineak eta makinak ekoizten dituen ATP Engineering & Packagingek enpresak produktu gama zabala eskaintzen die bezeroei. Horien artean dira packaging automatikorako sistemak, askotariko iztukatze- eta ahokatze-sistemak eta plantako zein logistikako ingeniaritza soluzioak. Oro har, elikaduraren, higienearen, kosmetikaren eta etxeen sektoreetan dihardu, eta berrikuntza gaitasunagatik, proiektuen pertsonalizazio mailagatik eta bezeroei eskainiriko zerbitzuengatik bereizten da. Horri guztiari esker, 12 milioi euroko salmentak ditu -%50 nazioartekoak dira, batez ere, Europako merkatuetakoak-.






