Skip to main content

Fagor Electronicak hazten ari diren merkatuetan jarri du mira. Halaxe azaldu du industriaren sektorean espezializaturiko Empresa XXI hedabidean. Dagoeneko zehaztua du 2025-2028 bitarteko plana, inbertsioan, dibertsifikazioan, berrikuntzan eta nazioartekotzean dituen apustuak kontsolidatzeko xedez landurikoa. Oro har, kooperatibak espero du epealdi horretan diru-sarrerak %20 handitzea, eta 2028rako 115 milioi euroko irabaziak lortzea.

Plan berriak, irabazi ekonomikoak handitzeaz gain, iraunkortasuna eta lidergo teknologikoa bilatzen ditu. Alegia, ingurumen inpaktua murriztuko duten konponbideak eskaintzea, prozesuak optimizatzea eta bazkide zein bezero berriei balio erantsia eskaintzea.

Puntako soluzioak

I + G inbertsioak eta ikuspegi globala oinarri, konektibitatearen eta elektrifikazioaren erronkei behar moduko erantzuna emateko ari da lanean Fagor Electronica. Horretarako, haren bost negozio nagusien indarguneak aprobetxatu gura ditu: Erdieroaleak, Electronic Manufacturing Services (EMS), Multimedia Perspectives, Smart Data Services (SDS). Eta Negozio Berriak. Erdieroaleetan, esaterako, produkzio gaitasuna handitu nahian ari da. Bide horretan, datozen urteetan, Arrasateko (Gipuzkoa) egoitza nagusiko gela garbia handitzeko erabiliko du negozio horretan izandako salmenten %7 baino gehiago.