Beste urte batez, parte hartze zabala izan da X. Mundukide Lasterketa Solidarioan. Kooperatibismoa eta elkartasuna oinarri, 57 kooperatibetako langileek hartu dute parte lasterketan. Fagor Taldeak presentzia handia izan du -kooperatiba desberdinetako langileak bertaratu dira-. Aurtengoan, Fagor Electronica izan da parte-hartzaile gehien bildu dituen kooperatiba, eta oroigarria jaso du horregatik. Parte hartzaile kopurua handituz doa urtez urte, eta lasterketa erreferente bilakatu da Debagoienean.
Emakumeen kategorian, Monica Vaz Iglesias, Sara Fermin Amorebieta eta Eneritz Oruna Anduagak osatutako Fagor Electronicako hirukoteak egin du denbora onena: 34 minutu baino gutxiagoko denbora egin du. Bigarren postua, Eroski kooperatibak lortu du, eta, hirugarrena, Emunek.
Hirukote mistoen kategorian, Athlonek irabazi du, eta Orbea eta Ulma Architectural Solutions izan dira bigarren eta hirugarren postuetan. Gizonezkoen kategorian, berriz, Orbeako taldeak irabazi du, 25 minutuko denborarekin. Bigarren izan da Fagor Taldeko Copreci kooperatiba, eta, hirugarren, Orbik Cybersecurity.
Konpromisoari helduta
Justizia eta bizitza duinarekin duen konpromisoa berretsi du Mundukidek Lasterketa Solidarioaren hamargarren edizioan. Beste urte batez, Afrikan eta hegoameriketan dituen eraldaketa proiektuetan laguntzen jarraitzeko deia egin die bertaratu diren kooperatibei.