Skip to main content

Debagoiena 2030 lankidetza sareak duela 5 urte eginiko gogoeta oinarri, eskualdearen elikadura burujabetzan sakondu gura duen Tokixan egitasmoa sortu da. Oro har, elikadura kate osoa, ekoizpenetik kontsumora artekoa, barnebilduko duen tokiko elikadura sistema eraikitzea da xedea, agroekologiatik eta eredu kolektibotik. Bultzatzaileen hitzetan, ekoizpenean diharduten langileen lan baldintzak eta lehen sektorearen bideragarritasuna bermatzea lekarke horrek, eta, beraz, etorkizunean ere tokiko elikagaiak, kalitatezkoak, osasuntsuak… kontsumitzeko aukera izatea. Debagoieneko udalak, Debagaraia landa garapen elkartea, elikadura topaguneak, ekoizle taldeak, kooperatibak… daude lankidetza sarean. Egitasmoaren bultzatzaileen artean da Fagor.

“Eredu bideragarri bat landu beharra dago, agroekologiatik eta eredu kolektibotik, ekoizleen lan baldintzak hobetu eta errelebo aldaketa bermatzeko. Horrek, elikadura kate osoa barnebilduko duen eredu berri bat sortzea eskatzen du, ekoizte hutsetik harago, banaketa barne hartu, eta, besteak beste, jangelak kudeatzen dituzten eragileen konpromisoa behar duena”, argitu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Ekarpen ekonomikorako konpromisoa hartu du Fagorrek, eta Fagor Ederlaneko Bergarako lantegiko jangela eskaini du banaketa eta kontsumoari lotutako proba pilotua egiteko. Horrek, tartean, ahalbidetu du jangelen horniketari lotutako prozesua sistematizatzea eta kudeaketa eraginkor bat lantzea.

Elikadura kate osoa

Esan moduan, elikadura kate osoan eragin gura du Tokixanek (ekoizpena, banaketa, transformazioa eta kontsumoa), egungo errealitatea kontuan hartuta, diagnostikotik praktikara salto egitea. Dagoeneko hasia du banaketari begirako proba pilotua, Fagor Ederlaneko jangelan egiten ari direna; eta, orain, epe motzera ekoizpen eta formazio gune bat sortzeko ari da lanean.