Hornitzaileak ekintza klimatikoan inplikatzen dituzten enpresa nagusien zerrenda argitaratu berri du ingurumen gardentasunean mundu mailako erreferente den CDPk (Carbon Disclosure Project). Orotara, 1.400 enpresa hautatu ditu, eta horien artean da Fagor Ederlan. Zehatz esanda, Supplier Engagement Leader 2024 zerrendan da Fagor Taldeko kooperatiba -euren hornikuntza-kate guztiaren bidez aldaketa klimatikoaren kontrako lanean konprometituenak diren enpresak barnebiltzen dituen mundu mailako aitortza da-.
Ekoizpen prozesuetan iraunkortasunarekin eta kudeaketa arduratsuarekin dagoen konpromisoa azpimarratzen du errekonozimenduak, zuzeneko ingurumen aztarna murriztetik harago hornitzaileak klima aldaketaren kontrako lan kolektiboan inplikatzen dituzten ereduak balioan jarriz. Horretarako, besteren artean, klima estrategia, deskarbonizazio helburuak, balio kateko isurien neurketa eta informazio gardentasuna neurtzen ditu.
Iraunkortasunaren aldeko apustua
Mugikortasunaren kontzeptu berri baterantz doan automobilgintza sektorearen transformazioaren parte izan gura du Fagor Ederlanek. Tartean, haren industria jardueraren ingurumen inpaktua minimizatzeko ari da lanean, eta karbono aztarna ere murriztu gura du mugikortasuna iraunkorragoa izan dadin.
Horretarako, pisu murritzagoko osagaiak (disko bimetalikoak, aluminiozko diskoak, subframeak edo motor elektrikoen karkasak) eta sistema berriak eskaintzen ditu kooperatibak autoen isuriak murrizteko, eta hidrogenoarekin ere hasi da lanean. Adibidez, Fagor Ederbatt aurkeztu du berriki, baterien garapenerako. Jada bateria arinduak eta bolumen txikikoak garatu ditu, eta autobusetarako, trenetarako eta beste zenbait ibilgailuetarako ari da saltzen.