Martxan da TFG-TFM Mondragon Sarien laugarren edizioa, eta dagoeneko zabalik da izen-ematea. Zehatz esanda, irailaren 30era bitartean, Gradu Amaierako Lanak (GAL) zein Master Amaierako Lanak (MAL) aurkeztu ahal izango dira. Proiektuek eraldaketaren inguruko gai bat izan beharko dute oinarri: digitala, klimatikoa, soziala, finantzarioa edo osasuna eta zaintza. TFG-TFM Mondragon Sarietako babesleen artean dago Fagor Taldea.
Bost kategoria nagusi egongo dira, eta eraldaketa energetiko-klimatikoaren saria emango du Fagorrek, zehatz esanda, ekonomia zirkularrari, deskarbonizazioari eta iraunkortasunari lotutakoa. Horrez gain, eraldaketa digitalari, pertsonetan oinarritutakoari, osasunaren eta zaintzarenari zein finantzenari lotutako sariak egongo dira. Guztira, 26.250 euro banatuko dira saritan- kategoria guztietan, 2.500 eurokoa izango da lehen saria, eta, 1.250 eurokoa, bigarrena-.
Gazteek gizartea eraldatzeko duten gaitasuna jarri du balioan Maite Legarra Eizagirre TFG-TFM Mondragon Sarien koordinatzaileak: “Aldaketa konplexuen garaia bizi dugu, eta etorkizun hobea eraikitzen lagunduko duten ideia berriak behar ditugu. Besteak beste, euren ezagutzek gizartean benetako eragina izan dezaketela ikusi ahal izango dute gazteek”.