Fagor Ederlan kooperatibak aluminio birziklatuko lingotearen ekoizpenean espezializatutako Ipar Amerikako Regen Aluminum enpresaren %51 eskuratu du. Horrek, alde batetik, indartu egin du Fagor Taldeko kooperatibak ekonomia zirkularraren eta iraunkortasunaren esparruan duen posizionamendu estrategikoa. Bestetik, sendotu egin du Ipar Amerikako merkatuan duen presentzia industriala.
Prozesu berri horren ondorioz, Ipar Amerikako enpresak Fagor Regen Aluminum izena hartuko du. Fagor Ederlan kooperatiban integratuta egongo da, eta iraunkortasunaren, berrikuntzaren eta tokiko garapenaren aldeko apustua egingo dute biek. Era berean, etorkizuneko lankidetza industrial eta teknologikoen oinarriak finkatuko dituzte galdaketa-prozesuan trantsizio ekologikoa bizkortzeko, Ipar Amerikan zein kooperatibak jarduten duen beste merkatuetan.
Erosketaren ondotik, Ipar Amerikako enpresan izan dira Jon Zuazo Urionaguena Fagor Ederlaneko zuzendari nagusia eta Mikel Uribetxeberria Aldalur kooperatibako lehendakaria. Zuzendari nagusiak apustu berri honen garrantzia azpimarratu du: “Funtsezko urratsa da Fagor Ederlanek irtenbide jasangarriak balio kate osoan integratzeko duen estrategian. Lagungarri da birziklatutako materialaren trazabilitatea indartzeko, Ipar Amerikako bezeroei eskainiriko zerbitzua hobetzeko eta ingurumenarekin konprometitutako negozio eredu bat finkatzeko”.
Regen Aluminum enpresari buruz
Regen Aluminum (York, Pennsylvania), bigarren mailako aluminioaren balorizazioan ibilbide sendoa duen enpresa da. Zehazki, aluminiozko lingoteak fabrikatzen ditu metalezko hondakinetatik abiatuta. Haren produktuak ingurumen inpaktu txikiagatik nabarmentzen dira: aluminio primarioekin alderatuta, ekoizpen prozesuak karbono aztarna %90 baino gehiago murriztea ahalbidetzen du.