Zaporeak elkartearekin elkarlanean egin dugun bilketaren ondotik, 3,4 tona elikagai bidali ditugu Fagorretik Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpamendura; iaz baino bi tona gehiago izan dira -1,4 tona bildu ziren aurreko urtean-. Pozik egoteko moduko kopurua da, eta Zaporeakek oso lagungarri izango du urte sasoi honi aurre egiteko: uda garaian, 2.000 izatetik 3.000 izatera ailegatzen da egunero banatzen duen otordu kopurua.
Aurten ere, ia 30 bilketa gune eskaini ditugu Fagorreko bederatzi kooperatiben artean, eta, uztailaren 1etik 13ra bitartean, arroza, pasta eta olioa jaso dira horietan -Zaporeakek haren beharren arabera zehaztutako produktuak dira-. Elkarteko boluntarioek aurreko astean jaso zituzten elikagaiak, eta oso eskertuta azaldu ziren. Beraz, mila esker zuen aletxoa jarri zenutenei!
2022an hasitako elkarlana
Fagorrek 2022tik dihardu Zaporeak elkartearekin elkarlanean -elkarteak orduantxe jaso zuen Fagor Herrigintza lankidetza programaren laguntza-, aldian aldiko ekimenak abiarazten. Urte horietan zehar, elikagai bilketak egitetik haragoko ekarpena ere egin dugu Taldetik: besteren artean, Onnera Groupek sukalde bat eman zion dohaintzan 2023an, eta, horri esker, plater gehiago prestatu eta banatu ahal izan ditu.






