2024ra arteko epealdian, 2,4 milioi euroko inbertsioa egingo du Fagor Electrónicak Inn-Medical proiektuan -estatuko zenbait entitaterekin dabil elkarlanean-. Erabakia lagungarri izango zaio medikuntza hornikuntzaren sektoreko posizionamendurako. Bada, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren (CDTI) 2 milioi euroko laguntza jaso du ekinbideak, eta, nagusiki, telemedikuntza (telelaguntza sistemak), airea garbitzeko makinak eta PCR makina automatikoak ekoiztea du xede. “Ekinbide berriaren bidez, Fagor Electrónica merkatu berri batean sartzen da. Erabaki estrategikoa da. Geratzeko asmoz sartu gara”, argitu du Francisco Javier Acinas Fagor Electrónicako Negozio Berrien Negozio Unitateko zuzendariak.
Besteren artean, industria alorrean makina eta elektronikaren ekoizle moduan bereganaturiko esperientzia eta ezagutza eskaintzen dizkie kooperatibak medikuntza hornikuntzaren sektorean diharduten enpresei. Acinasen esanetan, gizartearekiko konpromisoak esangura handia du horretan: “Estatu mailako interkooperazio estrategia baten beharra ikusarazi du egungo osasun krisiak. Euren jardunarekin jarraitu ezinda geratu dira nazioarteko hornitzaileak dituzten enpresa ugari. Bada, irtenbideak eskaini gura dizkiegu horiei guztiei. Finean, 50 urte baino gehiagoko ibilbidea duen kooperatiba gara, esperientzia handikoa eta gizartearekin konprometiturik dabilena”. Kooperatibak Antolín eta ThyssemKrupp modukoekin dihardu elkarlanean Inn-Medical proiektuan.
Arnasgailuen ekoizpena
Esan barik doa Fagor Taldeko kooperatibak baduela esperientziarik alorrean, 2020ko konfinamenduan horretan ibili ondotik. Garai hartan, aireztapen mekanikodun gailuen (arnasgailuak) ekoizpenean egon zen murgildurik, batez ere, elikatze-iturrien ardura hartuz. “Arnasgailuen gabeziaz jakitun, geure laguntza eta ezagutza eskaini genizkien sektoreko enpresei. 15 egunetan, 5.000 arnasgailu ekoitzi behar izan genituen, pandemiaren momentuko egoerak eraginda. Ez genuen zalantzarik egin. Egoerak beharrezko zuen guztion ezagutza eta inplikazioa”, onartu du Acinasek.