Transformazio digitalari eta material berriak prozesatzeko makineria aurreratuari loturiko garapen proiektuak erdigunean, 24 milioi euroko inbertsioa egingo du Fagor Arrasatek, Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) babespean. Hain zuzen ere, 2021etik 2024ra bitartean garatu beharreko bederatzi proiektu estrategiko finantzazioa onartu du EIBk,  Inbertsio Estrategikoetarako Europako Funtsaren (EIF) bidez egingo litzatekeena. Bada, 10 milioi euroko kreditu-lerroarekin finantzatuko ditu ekinbideok, eta, besteren artean, baliagarri izango da kooperatibaren eraldaketa digitalean, ekoizpen-prozesuen automatizazioan eta automobilaren sektorerako material arin berriak prozesatzeko teknologien hobekuntzan sakontzeko.

Edonolakoak ez diren helburuz diharduten plan horiek bitarteko izango dira makina astunak eraikitzeko funtsezko barne-prozesuetan kooperatibaren lehiakortasunean sakontzeko; edota, makineria aurreratuaren zein zerbitzu digitalen garapenean, Europako manufaktura-ehunaren sektore estrategikoen etorkizuneko erronkei erantzuteko.

Iñaki Martinez Fagor Arrasateren Kontseilu Errektoreko presidentearen esanetan, EIBren erabakiak “babes irmoa” ematen dio Fagor Arrasateren estrategiari eta esangura handikoa da aurrera begirako proiektuetarako:  “Funts horiek beharrezko dira etorkizuneko proiektuei ekiteko. Ekarpena egingo diote lehiakortasunari, eta gure bezeroentzako erreferentzia lider izatea ahalbidetuko digute”.