Skip to main content

150.000 euroko ekarpena egingo dio Fagor Taldeak adinekoentzako eta menpekotasuna duten pertsonentzako zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dituen Bihar kooperatibari. Hari esker, Duinduz egitasmo berria abiatuko da, hobariak eskainiz zaintza zerbitzuak Bihar kooperatibaren bitartez kontratatzen dituzten Fagor Taldeko kooperatibetako familiei eta debagoiendarrei. Bihar kooperatiba arduratuko da zaintza zerbitzu horiek eskaintzen dituzten langileek legezko kontratua eta lan baldintza duinak izango dituztela bermatzeaz. “Etxez etxeko zaintzaren sektoreko langileetan lan baldintza prekarioak dira nagusi, eta horrek eragina du pertsona horien bizi baldintzetan, batez ere, emakume eta etorkin diren horiengan. Asko, gainera, legezko kontraturik gabe ari dira lanean. Laguntza berriaren bidez, neurri batean bada ere, horri buelta emateko bere aletxoa jarri nahi du Fagor Taldeak”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Besteren artean, laguntzak baliagarri izan gura du zaintzako langileen egoera erregularizatzeko eta horretarako prozesua hasten duten familiei hobariak eskaintzeko. Zehatz esanda, familien hileko kostuaren igoeraren %50 lagunduko luke Fagor Taldeak (gehienez, 380 euroko laguntza legoke hilean). Aurreikuspenen arabera, egindako ekarpenekin, 60 familia lagunduko lituzke Fagorrek (Taldeko kooperatibei loturiko kideek lukete lehentasuna).

Informazio puntua

Fagorren laguntzari esker, informazio puntu bat zabalduko du Bihar kooperatibak Arrasaten (Gipuzkoa), familiei zaintza eta tramiteen alorreko aholkularitza eskaintzeko edota zaintzaileen kontratazioak eta nominak kudeatzeko. Maiatzaren hasieran emango da Fagor Taldearen eta Bihar kooperatibaren arteko elkarlanaren berri, orduan zabalduko den informazio puntuan.