Skip to main content

Aurten ere, 12.000 euroko ekarpena egin dio Fagor Taldeak EITB Maratoiari. Zehatz esanda, minbiziaren bueltako ikerketetara bideratuko da haren bidez bilduriko dirua, eta Minbiziaren aurka aukera berriak leloa aukeratu dute kanpainarako. “Ikerketak berebiziko garrantzia du gaixotasunei kontra egiteko zereginean. Aurten, EITB Maratoiak minbizia du erdigunean, eta horretan lagundu gura izan du Fagor Taldeak. Minbiziaren kontrako borrokan, ez da urratsik soberan, eta beharrezkoa da ikerketarako bitartekoak jartzea, gaixotasunaren prebentziorako zein soluziorako”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Ohi moduan, enpresen, eragileen, erakundeen eta norbanakoen ekarpenek bete dute laguntza poltsa. Oro har, milioi bat eurotik gora bildu dira minbiziaren aurkako ikerketarako.

Heriotzen eragile nagusi

EITB Maratoiaren bultzatzaileen esanetan, EAEko heriotzen eragile nagusia da minbizia: “45.000 pertsonek pairatu dituzte minbiziaren eraginak, eta 14.000 kasu diagnostikatzen dira urtean. Biztanleriaren %74k aitortzen du gertu duela minbizia kasuren bat”.

22 urtetako ibilbidea

22 urtetako ibilbidea du EITB Maratoiak, eta, ordutik, 7,5 miloi euro bildu ditu patologia ezberdinei loturiko 119 ikerkuntza proiektutarako -horien artean dira minbizia, iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, gaixotasun kardiobaskularrak, Alzheimerra, autismoa, ezgaitasun intelektuala, buruko gaixotasuna, hartutako kalte zerebrala, transplanteak eta gaixotasun arraroak-.