Iñaki Sanchez Fernandez

Fagor Automationeko Europa hego-mendebaldeko filialeko zuzendaria

Blogera itzuli
Lehiakortasuna

Beste urte batez berretsi da BIEMH 2026 azoka funtsezko topagune dela makina-erremintaren industriarentzako. Fagor Automationen kasuan, aukera aparta eskaini du bezeroekin elkartzeko, sektoreko profesionalekin iritziak trukatzeko eta CNC edota atzitze sistemei eta zerbitzu digitalei loturiko zenbait berrikuntza aurkezteko.

Oro har, oso positiboa da parte hartzeren inguruan egindako balorazioa. Azoka egunetan, jende asko batu du gure kooperatibaren standak. Horien artean daude inbertsio proiektuekin ari diren makina-erremintaren alorreko azken erabiltzaileak edota teknologia eguneratzeko soluzioekiko interesa duten retrofiten espezializaturiko enpresak.

Gaur-gaurkoz, dagoeneko erabiltzen diren makinen modernizatzearen inguruko interesa ari da nabarmentzen sektorean. Ingurune industrial askotan, mekanikoki erabilgarriak izaten jarraitzen dute makinek, baina, egungo ekoizpen eskakizunak medio, kontrol sistemek haien errendimendua mugatzen hasiak dira zenbait kasutan. Hori horrela, ekoizpena hobetzeko, zikloen denborak murrizteko eta automatizaziorako maila berriak erabiltzeko beharrak ugaritu egin ditu eguneratze teknologikorako proiektuak.

Testuinguru horretan, enpresa askorentzat soluzio estrategiko bilakatu dira CNC eguneratzeak. Horri esker, eskakizun berrietara egokitu daiteke makina, hura guztiz ordezkatzeak eragingo lukeen inbertsioari aurre egin beharrik izan gabe. Eta errendimendua eta ekoizpen prozesuetako malgutasuna ere berreskuratuko lirateke.

Merkatuaren bilakaera horri erantzuteko Fagor Automationek eskaintzen dituen zenbait soluzio ezagutu ahal izan dituzte guregana gerturatu direnek. Horien artean, CNCelite 2.0 nabarmendu da, kooperatibaren kontrol belaunaldi berriaren oinarrian dagoena. Sistema horrek, prestazio gehiago eta programaziorako tresna berriak eskaintzen ditu, easy probe delakoa, esaterako. Ukipen-zundekin jarduteko lanketa disruptibo berri bat da, eta lagungarri da makinaren funtzionamendua optimizatzeko eta langilearen erabilera-esperientzia hobetzeko.

Soluzio horrekin batera, artezketa-aplikazioei begirako CNC 8065elite 2.0 G aurkeztu zuen kooperatibak. Zehaztasun, egonkortasun eta kontrol zorrotzak eskatzen dituzten prozesuak dira, eta, sistema berria, eskakizun horiei erantzuteko izan da diseinatua, beti ere, Fagor Automationen soluzioek bereizgarri duten fidagarritasuna eta erabilerraztasuna mantenduta.

Atzitze sistemek ere leku berezia izan dute standean. Horri lotuta, exijentzia handiko inguruneetan doitasun eta sendotasun handia eskaintzeko diseinaturiko Serie3 gamako enkoder linealak eta angeluarrak aurkeztu ditu kooperatibak. Eta 100 metrora arteko neurtze ibilbidea egiteko gai diren modelo berriak ere aurkeztu ditu, baita kontrako baldintzetatik babestea bereziki garrantzitsua den kasuetarako sortutako enkoder inkremental itxiak ere.

Zerbitzu digitalen alorrean, FDS Fog On-Premises ezagutu ahal izan dute gerturatutakoek. Besteren artean, datuak tokian eta erabiltzailearen kontrol zuzenarekin biltegiratuta, ekoizpen sistemen digitalizazioan sakontzen laguntzen du.

Berrikuntza teknologikoak aurkeztetik harago, azoka oso baliagarri izan da harremanak sendotzeko bezero eta partnerrekin. Fagor Automationen bezero asko egon dira erakusketari gisa, eta horrek ahalbidetu du denbora partekatzea, iritziak trukatzea eta etorkizunari begirako elkarlanerako aukera berriak zabaltzea.

Idatzi iruzkina