Skip to main content

Gobernuz kanpoko Mundukide erakundeak eta Fagor Taldeak hitzarmen berria sinatu berri dute. Helburua da Fagor Taldeko kooperatibetako bazkideei lankidetza erraztea eta sustatzea. Beraz, Mundukiderekin lankidetzan jardutea erabakitzen duten Fagorreko lan-bazkideentzat, irizpide berriak adostu dira negoziatutako eszedentziaren alorrean.

Gutxienez bi urtekoa izango da eszedentzia hori, helburua baita Mundukiderekin kooperante bezala bi urtez edo gehiagoz egotea. Hala ere, luzatzeko aukera egongo da. Haien programetan kooperante kooperatibista gehiago egotea eta pertsona-taldea indartzea nahi du Mundukidek. Aritz Otxandiano Kanpok, Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak, honako hau azaldu du: “Fagorrek Mundukiderekin eta haren zereginarekin duen konpromisoa indartu du. Hitzarmen berriak urrats berria dakar bide horretan. Besteren artean, kooperante moduan jarduteko aukera berriak eskaintzen dizkie bazkideei, eta hori mesedegarri da Mundukidek garapen bidean diren herrietan abiarazirik dituen garapen proiektuen iraunkortasunerako“.

Mundukide eta elkartasuna

Gobernuz kanpoko erakundea da Mundukide, eta 1999. urtetik dihardu hirugarren munduko herrietan garapen endogenoko prozesuak indartzeko eta laguntzeko lanean. Debagoienako GKEetako kide batzuek sortu zuten. Haren sorreratik, Fagor Taldea izan da sustatzaile eta laguntzaile nagusienetako bat. Gaur egun, Mundukidek Mozambiken, Ginean, Brasilen, Kuban, Ekuadorren, Kolonbian eta Etiopian ditu proiektuak, eta, guztira, bederatzi kooperatibetako 58 lankide ditu.