Skip to main content

GKN Automotive multinazionalaren aitortza jaso du Fagor Arrasatek, inbertsioetarako hornitzaile onenaren saria haren eginda. Hein handi batean, kooperatibak hainbat ezaugarri berezi dituen forjarako prentsa bat epe motzean egiteko erakutsi duen gaitasunean jarri du azpimarra GKN enpresak -epe laburrekoa zen proiektua eta zerbitzu egokia eskaini zuen Fagor Arrasatek-: “Irtenbide egokiak eskaini dizkigu epe motzean eta behar moduko erantzuna eman die gure eskakizunei, eskaintza bera gure beharretara eta egoerara egokituz”. 300 hornitzailek esku hartu zuten sari banaketa ekitaldian eta horietatik zortzi besterik ez ziren sarituak izan.

Bide horretan, “pozik” azaldu dira Fagor Arrasateko ordezkariak. “Esangura handia du lehen mailako bezero batek gure produktuen kalitatea, zerbitzua eta ondo eginiko lana aitortu izanak. Geure esfortzuak eta egindakoek merezi izan dutenaz jabetzeko balio digute halakoek”, azaldu du Iker Bastida GKN Automotive bezeroaren arduradunak eta Fagor Arrasateko kideak. Era berean, berdinean segitzeko konpromisoa berretsi du kooperatibak.

Zehatz esanda, sari banaketa ekitaldian azken proiektuari egin diote aipamen GKN multinazionaleko ordezkariek. Dena den, hortik haragoko irakurketa egiten du Bastidak: “Ulertzen dugu aitortza hau ez dela soilik elkarrekin egindako azken proiektuari loturikoa. Finean, hamarkadetako elkarlan emankorra daroagu doinean, exijentzia altuko garapenei eta proiektuei esker sendoturikoa”.

GKN Automotiven partetik jasotako aitortza eskertzeko bideoa egin du Fagor Arrasatek.