Skip to main content

Euskararen normalizazioaren alde egindakoen aitortza modura, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2021eko Abbadia saria jaso du Fagor Taldeak gaur, martxoaren 25ean, Arrasateko Kulturolan eginiko ekitaldian. Musika, antzerkia, solasaldia, sari banaketa, ordezkarien diskurtsoak… Askotarikoak, ekitaldi baten bidez josiak. Bada, ez da edozelako hitzordua izan kooperatiba taldearentzat, eta halaxe aitortu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko lehendakariak: “Eragile sozioekonomiko gara. Gizartearekiko konpromisoak eraginda sortu ginen. Eta halaxe dihardugu. Erronkak, potoloak dira, bai. Baina, pozik gaude egiten gabiltzan bidearekin. Gaurko aitortzak, bidean segitzeko indarra ematen digu. Gaur, atzo baino indartsuagoa da gure konbikzioa”. Zehatz esanda, Abbadia sariaren bidez, euskararen normalizazioaren aldeko jarduna aitortu gura izan dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Fagor Taldeari. Alustizarekin batera, Taldeko kooperatiba bakoitzeko ordezkari bana igo dira saria jasotzera -orotara, zortzi dira kooperatibak-, “kolektiboaren eta elkarlanaren” adierazgarri.

Berbaldian, egindako ibilbidea ekarri du gogora Alustizak, kooperatiba taldeko “kide bakoitzaren”, eragileen eta bidelagunen lana eskertuz. “Ibilbide honetan, guztion ahalegina da beharrezko. Finean, Euskal Herriko industria kooperatiba talde handiena da Fagor, eta, beraz, erronkak ez dira egun batetik bestera gainditzekoak. Baina, badabil, guztion ahaleginari esker”, azaldu du Alustizak. Hain zuzen ere, 5.000 langile ditu Fagor Taldeak Euskal Herrian; 10.000tik gora, mundu osoan banatuta. Eta sektore ezberdinetan diharduten zortzi kooperatibek osatzen dute. “Asko eta askotarikoak, bai. Leku askotan, gainera. Baina aniztasun horretan, euskarak beti du lekua”, gaineratu du.

Era berean, Fagor Taldeak euskararen normalizazioan egina duen ibilbidea aitortu gura izan du Markel Olano Arrese Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak. “Fagor Taldeko kooperatibek erakutsi duzue alor sozioekonomikoan euskararen aldeko urrats sendoak egitea posible dela, aldi berean, merkatuko eskakizun zorrotzenei erantzun egokia emanez. Zabalduko beharreko eredua zarete”, esan du.

Egindakoaren emaitzak

Euskararen normalizazioaren aldeko bidea ez da berria Fagor Taldean. Bi hamarkada baino gehiago dira kooperatibetan euskara planak abiarazi zirela. Eta nabari da horien eragina. Esaterako, duela hamar urte, euskararen erabilera %32koa zen Fagorren Batzar Nagusietan. Gaur egun, %90ekoa da. Bestetik, elebitasun mailak ere gora egin du:  duela hamar urte %63an zegoen; eta, gaur egun, %83an. Esangura handiko beste datu bat ere aipatu du Fagor Taldeko lehendakariak sari banaketa ekitaldian. Euskararen ahozko erabileraz mintzo, aipatu du Taldeko kooperatibetan %40tik gorakoa dela kopurua, Arrasaten baino 8 puntu handiagoa, alegia.

Erronka, konpromisotik heldua

Euskararen normalizazioaren aldeko zereginari “konpromisotik” helduta segitzeko asmoa berretsi du Alustizak, eta, bide horretan, enpresek eta kooperatibek duten esangura azpimarratu gura izan du. Hain zuzen ere, Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak izan du horren inguruan berba egitearen ardura, ekitaldiko une batean Jon Sarasua Maritxalar soziolinguistarekin izandako solasaldian: “Lan munduan euskarari funtzio propioak emateak balioan jartzen du hizkuntza, korpusa aberasten du (euskarazko terminologia normalizatuz) eta nabarmen areagotzen du euskaldundutako norbanako kopurua, pertsonen euskarazko gaitasun komunikatiboak garatuz”. Bide batez, enpresek euskarari egiten dioten ekarpena berretsiz, euskararen normalizazioan sakondu gura duten eragile sozioekonomikoei laguntzeko prest azaldu da Fagor Taldea.

Era berean, azpimarratu du euskarak asko ematen diela Fagor Taldeko kooperatibei. Aipaturikoen artean dira tokikotasuna, herriarekiko eta inguruko erakundeekiko hurbiltasuna, marka balioa eta nortasuna, besteak beste. “Eman egiten duenak, jaso ere egiten duela esaten da. Fagorren kasua ez da salbuespen. Asko datorkio bueltan”, gaineratu du Okarantzak.

Euskara planak, bidelagun

Ostera, bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidea duten euskara planetan jarri dute mira Fagorreko ordezkariek, eurentzat, “xede baino, helburura iristeko bitarteko direla” azpimarratuz. Eta horien ekarpenez egin gura izan dute berba. Batetik, azaldu dute, 25 urte hasitako bideari jarraituz, gaztelaniaz lan egitetik, euskaraz lan egitera bidean dela Taldea, “urrats gehiago egin eta erronka berriei erantzuna eman beharrean”. Eta hizkuntza aniztasuna ere aipatu dute. Horri lotuta, azaldu dutenez, hizkuntza kudeaketa “kontziente” bat du egina Fagor Taldeak, euskarari “leku esanguratsua” emanez, hainbaten artean, espazio eta funtzio esklusibo eta propioak eskainiz. “Lehentasunezko hizkuntza da eta izango da hainbat eta hainbat esparrutan”, gaineratu dute.

Bide horretan, lau lirateke eguneratu berri den euskara planak erdigunean dituen ildoak. Batetik, 2019tik, Fagor Taldeko kooperatibetako lanpostu guztiek dute hizkuntza eskakizuna zehaztuta. Gutxien eskatzen zaionari ere, euskaraz ulertzeko eskaera egiten zaio. Horri loturik, eskakizunen araua zorrotz betetzeko eta euskaraz ikasteko baliabideetan sakontzeko konpromisoa hartu du Fagor Taldeak euskara plan eguneratuaren bidez.

Bestetik, kooperatibetan arnasguneak identifikatzeko, babesteko eta berriak sortzeko bideak jartzen segituko luke Taldeak, besteren artean, hizkuntza ohituretan eragin guran -horretarako, elkarrizketa elebidunak sustatuko lituzke, kasurako-. Eta, aurrekoez gainera, euskarari funtzio propioak eman beharraz ere badihardu euskara plan eguneratuak. “Gutxien gutxienean, maila instituzionala, bazkideekiko harremana eta arlo sozialeko proiektuak euskaraz garatuko ditu Fagorrek, eta, hortik aurrera, euskaraz egin daitekeen dena, euskaraz egingo du”, azaldu du Alustizak. Horretan geratu barik, erronkaren garrantzia erdigunean, legitimitate eta indar beharra aitortu du. “Gaurkoa bezalako aitortzek, indar hori hauspotzen laguntzen dute”, dio horri lotuta.

Enpresa estrategian

Fagor 2030 iraunkortasun estrategia onartu zuen Fagor Taldeak iaz. Harekin, iraunkortasunean erreferente den talde industrial kooperatiboa izateko konbikzioz dihardu, “etorkizuna hobetzeko lan konstantean”. Eta, bide horretan, euskarak badu presentziarik: bost ardatz estrategiko zehaztu ziren, eta, horietako batean, presente da euskara. “ 2030era bitarterako eraikitako eta onartutako enpresa estrategian badu bere lekua euskarak. Ezin zitekeen beste modu batera izan. Benetako enpresa iraunkorrak tokiko hizkuntzan lan egiteko aukera bermatu beharra die langileei”, esan du Alustizak.