TFG-TFM MONDRAGON Sarien barruan, Ander Azpitarte Aretxabaleta Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Industrialeko masterreko ikasleak jaso zuen eraldaketa energetiko-klimatikoa, deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra eta neutraltasun klimatikoa oinarri dituen Fagor Taldea saria ostiralean (azaroak 17), Donostiako (Gipuzkoa) Kursaalean eginiko FESLAN enplegu azoka eta kongresuan. Hain zuzen ere, haren lanak, hidrogenoak energia trantsizioari egin liezaiokeen ekarpena du aztergai. Bestetik, Pablo Gila Herranz EHUko Kimika Fakultateko Nanozientzietako masterreko ikasleak eskuratu zuen bigarren postua. Hark, eguzki plaken ekoizpen prozesuaren isuriak murriztea eragingo luketen lehengaiak aztertu zituen. “Lan interesgarri ugari jaso dira eraldaketa energetiko-klimatikoaren alorrean. Ez da erabaki erraza izan, baina bi sari besterik ez zeuden. Besteren artean, aztergaiaren ez ohikotasuna eta ikerketaren sakontasuna hartu dira kontuan balorazioetan”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak eta epaimahaiko kideak. 2.500 euro jaso ditu irabazleak; eta, 1.250 euro, bigarren postua eskuratu duenak.
FESLAN azoka eta kongresua
Zehatz esanda, Gizarte Ekonomiaren Espainiako Estatuko Hiriburu izan da izendatua Donostia, eta horren baitan antolaturikoa izan da FESLAN azoka eta kongresuan. Haren bidez, besteren artean, ekonomia justuagoa, berdinzaleagoa, parte hartzaileagoa eta integratzaileagoa sustatu gura izan da, pertsonak erdigunean jarri eta haien garapen profesionala zein ongizatea bultzatuko dituena. Gauzak horrela, Fagor Taldeak bat egin du hitzorduarekin -bulego orokorretako eta hainbat kooperatibetako kideak izan dira FESLANen-. “Unibertsitate eta ikastetxe desberdinetako ikasleak gerturatu dira. Halako hitzorduei esker, Fagor Taldea ezagutzeko aukera dute ikasleek. Garrantzitsua da hori, are garrantzitsuagoa, gazte prestatuak erakartzea lehentasun denean. Finean, proiektu kooperatiboa indartuz, elkarrekin garatzeko aukera eskaintzen dute kooperatibek. Aldebikoa da ekarpena”, aitortu du Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak.
Esan moduan, Fagor Taldeko ordezkaritza zabala izan zen FESLANen. Hain zuzen ere, Fagor Ederlanek, Fagor Arrasatek, Fagor Automationek, Mondragon Assemblyk, eta, oro har, Fagor Taldeak, egin zuten bat hitzorduarekin. Euren espazioa izan zuten azokan, eta bertaraturikoei euren jarduna aurkezteko aukera ere izan zuten, hitzartze laburren bidez.