Urteroko ohiturari helduta, Mundukide fundazioaren elkartasun lasterketan izan da Fagor. Ohi moduan, gazteen lasterketa, oinezkoendako ibilbidea, martxa nordikoa eta taldekako lasterketa eskaini ditu ekinbideak; Euskal Herriko 30 kooperatibetako 400 kide bildu ditu -tartean izan dira Fagorreko kooperatibak-. Aretxabaletako (Gipuzkoa) Urkulu urtegian egin da, urriaren 18an, Elkartasuna gara lelopean. Horrekin, gerrateen aurkako jarrera adieraztearekin batera, elkartasuna aldarrikatu nahi izan da bakea eraikitzeko bide gisa.
Emaitza bigarren mailan bada ere, lasterketa solidarioa lehen postuetan bukatu dute Fagorreko kooperatibetako zenbait taldek. Mistoen kategorian, bigarren izan da Copreci, eta, hirugarren, Fagor Ederlan. Gizonezkoetan, berriz, hirugarren postua erdietsi du Fagor Ederlaneko talde batek.
Mundukideri, babesa
Jasotzen duen babesa lagungarri zaio Mundukideri Brasil, Ekuador, Kolonbia eta Mozambikeko tokiko erakundeekin kooperatibismoa, nekazaritza-garapena eta enplegua sustatzeko egiten duen lanerako. Oro har, 20.000 nekazari familia laguntzen ditu eta 100.000 pertsonarengana heltzen da, eta 20 kooperatibarekin eta 60 talde zein elkarterekin ari da elkarlanean. Fagorrek 300.000 euro pasako ekarpena egin zion Mundukideri 2026an.
Laguntza hori eskertzeko ere aprobetxatu du Mundukidek lasterketa solidarioa. Itsaso Erretolatza Arantzabal Mundukideko zuzendariak hartu du hitza: “Zuek ematen diguzue indarra munduan gehien behar dutenengana iristeko. Pertsonei laguntzen diegu, pertsonekin. Horregatik eskertzen dizuegu hemen egotea: inoiz baino gehiago behar gaituzte”.
Egunaren laburpen bideoa egin du Mundukidek:






