Fagor Herrigintza lankidetza programaren laguntza jaso ondotik, ikus-entzunezkoen alorrean diharduen Ihitten elkarteak Bullyingari galga proiektuan murgilduta jardun du azken urteotan, eta aurkezteko moduan du dagoeneko. Bada, elkartearen eta Fagorren arteko elkarlanari esker, Arrasateko (Gipuzkoa) Kulturaten egingo da aurkezpen ofiziala, urriaren 20an, 18:00etan. Oro har, hezkuntza formaleko zein ez-formaleko erakundeak, kooperatibetako kideak, herritarrak… gonbidatu ditu kooperatiba taldeak aurkezpenera. “Ez da sarrera beharrik egongo, ezta izena eman beharrik ere. Herritar oro izango da ongi etorria”, azaldu dute Fagorretik. Aurkezpena eta mahai-ingurua euskaraz izango dira.
Ez da ohiko aurkezpena izango: bullyingaren inguruko mahai-inguru bidez aurkeztuko da Bullyingari galga. Besteren artean, gaia ikusaraztea, hausnarketarako baliabideak eskaintzea eta balizko irtenbideak bilatzea dira hitzorduaren helburuak. Bullyingarekin lotura zuzena duten bi kidek jardungo dute mahai-inguruan: Maitane Ormazabal Esnaola psikologoak eta Irati Galardi Lizarraga bullyinga jasan duen pertsonak.
Gizarte erronkak
Gizarte erronkei heltzeko konpromisoa berretsi du Fagorrek. “Gizarte konpromisoz jarraitzen du Fagorrek. Fagor Herrigintzaren bidez laguntzetik harago, ahalegin berezia egin du proiektua Debagoieneko hezkuntza eragileengana gerturatzeko. Gizarte osoaren inplikaziorik barik nekez lortuko da bullyinga desagerraraztea. Lanean jarraitu beharra dago”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.






