Skip to main content

Mundukide Fundazioak urriaren 18an egingo du kirola eta elkartasuna uztartzen dituen hamaikagarren lasterketa solidarioa, Aretxabaletako Urkulu urtegian (Gipuzkoa), 9:00etan hasita -ordu horretan hasiko da dortsal banaketa-. Ohi moduan, hainbat modalitate eskainiko ditu ekinbideak: gazteen lasterketa -9:45ean hasita-, oinezkoendako ibilbidea -10:15ean hasita-, martxa nordikoa -10:15ean hasita- eta hiru pertsonez osatutako taldekako lasterketa -11:15ean hasita-. Zabalik dago izen-ematea.

Aldarrikapen-ekintza

Aurten, berrikuntza moduan, elkartasuna indarkeriaren alternatiba eta bakea eraikitzeko bidea dela aldarrikatuko da. Minutu bateko isilunea egingo da irteera bakoitzaren aurretik. “Gatazka armatuek eta gerrek sufrimendua eragiten jarraitzen dute munduko hainbat tokitan. Elkarri aurre egiten jardun beharrean, elkarlanean aritzeko deia egin nahi da. Indarkeriaren aurrean ere, elkartasunaren, lankidetzaren eta pertsonentzat aukerak sortzearen alde egin daiteke“, azaldu dute Mundukidetik.

Euskal Herriko kooperatibei deia

Kooperatibismoaren, elkartasunaren eta konpromiso sozialaren topagune bihurtu da Mundukideren lasterketa solidarioa. Berdinean jarraitzeko, fundazioko kideek gonbidapen zabala egin nahi izan diete Euskal Herriko kooperatibetako kideei eta “elkartasunaren indarrean“ sinesten duten guztiei. “Etorri korrika egitera, oinez egitera, edo, besterik gabe, elkartasuna indartzera. Brasilen, Ekuadorren, Kolonbian eta Mozambiken aukera berriak sortzen laguntzen du zure parte hartzeak, eta milaka familiaren etorkizuna hobetzen du“, diote.

Lasterketa solidarioaren laguntzaileen artean da Fagor Taldeko Copreci kooperatiba -hiru laguntzaile egon ohi dira, eta, ohikoan, urtero aldatzen da-. “Urrats bakoitzarekin eta ekarpen bakoitzarekin, hondar alea jartzen du Coprecik Mundukideren proiektuak babesteko eta bidezkoagoa, berdinzaleagoa zein baketsuagoa den mundu bat eraikitzeko”, azaldu dute kooperatibatik.