Skip to main content

Gure kooperatibak pertsona guztientzat espazio seguruak izatea eta eraikitzen jarraitzea da gure erronka nagusienetako bat. Helburu hori lortzeko, inolako diskriminaziorik gabe, genero zein aniztasun ikuspegia erdigunean jartzea ezinbestekoa da. Maiatzaren 17ko LGTBI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren testuinguruak ezin hobeto gogorarazten digu konpromiso horren garrantzia.

Egokitutako protokolo bat: lege bermeak eta prebentzioa

Espazio seguru horiek bermatzeko bidean, Fagor Taldeko II. Berdintasun Planaren (2025-2028) esparruan, jazarpena prebenitzeko eta esku hartzeko protokolo eredu berria landu dugu. Azken urteetako lege betekizunetara guztiz egokitutako tresna da hau; besteak beste, Bai da Bai Legea, LGTBI Legea eta LANEko 190 hitzarmena kontuan hartzen dituena.

Protokolo hau lan eremuan gertatzen diren egiturazko diskriminazioei erantzuteko oinarri sendoa izateko bokazioz sortu da. Zehazki, mobbingari eta sexu, genero, sexu orientazio, genero identitate eta genero adierazpenagatiko jazarpenari aurre egiteko prebentzio neurriak eta kasuak kudeatzeko antolaketa jasotzen ditu.

Fagor Taldeko Genero Berdintasun Batzordetik, Emun eta Sortzen aholkularitzekin elkarlanean, urte osoan zehar egindako bileretan garatu dugu eredu hau. Indar berezia jarri dugu prebentzioaren alorrean, eraldaketarako eta berdintasunerako ezinbesteko estrategia dela ulertzen dugulako.

Eragileak saretzen eta trebatzen

Behin protokolo eredua sortuta, kooperatibetan jazarpena kudeatzeko ardura duten eragileekin formazio saio teoriko-praktiko bat egitea da helburua. Formazio saioa horretan, Sortzenen eskutik jazarpenari buruzko kokapen teorikoa jasotzeaz gain, kasuak kudeatzeko gako nagusiak ezagutuko ditugu.

Etorkizuneko erronkak: kultura berdinzaleago bat

Protokoloak diseinatzea eta planak idaztea oso garrantzitsua da, baina badakigu paperetik harago doan kultura aldaketa sakonago bat behar dugula. Horregatik, 2026an ere, Fagor diskriminaziorik gabeko eta denontzat segurua den espazioa izan dadin lanean jarraituko dugu.