15 urte baino gehiagoko lankidetzaren ondoren, ezagutza eta teknologien garapena bultzatzeko hitzarmena berritu dute Fagor Arrasatek, Konikerrek -haren I+G unitatea- eta Mondragon Unibertsitateak (MU). Akordioak, berrikuntzako bi alor ditu erdigunean: txapa metalikoaren -altzairua eta aluminioa- eta material konposatuen fabrikazio prozesuak, eta automatizazio adimenduna.
Oro har, Fagor Arrasate kooperatibak espezializazioa duen teknologietan sakonduko da, besteak beste, lauketan, tolestaketan, ebaketan, konformazioan eta profilaketan, baita material konposatuen fabrikazio prozesuetan, prozesuen digitalizazioan eta kontrol adimendunean, kalitate kontrolerako ikusmen artifizialean eta robotikan ere. Garapen teknologiko berriak kooperatibaren estanpazio eta prozesatze sistemetan, ebaketa lerroetan eta siderurgiarako ekipamenduetan erabiliko dira. Fagor Arrasateko zuzendari nagusia den Unai Lopez Moñuxek azaldu duenez, hitzarmen berria lagungarri izango da teknologikoki aurreratuak diren produktuetan sakontzen jarraitzeko eta mundu mailako lehiakortasuna mantentzeko.
Bestetik, hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) zuzendaria den Carlos Garcia Crespok: “Aliantzak ezagutzaren transferentzia du ardatz, eta ikertutakoa mundu errealera eramatea ahalbidetzen digu horrek. Gainera, maila handiko ikerketa garatzeko aukera eskaintzen digu. Lortutako emaitzak oso aberasgarriak dira bi aldeentzat: talentu espezializatua erakartzen du eta ikertzaileentzat prestakuntza ekintzak antolatzen ditu”.
Aurretiko lankidetza
Fagor Arrasate, Koniker eta Mondragon Unibertsitatea 15 urte baino gehiago egon dira lankidetzan. Urte horietan, ikerketa bateratuko proiektuak bultzatu, ezagutza zientifikoa sortu eta industriarako funtsezko arloetan ikertzaile berriak prestatu dituzte. Andoitz Aranburu Irastorza Konikerreko zuzendariak adierazi duenez, hitzarmen berri horrekin, etorkizuneko erronka teknologikoei aurre egiteko gai izango da Fagor Taldeko kooperatiba.
Euskararekiko konpromisoa
Euskararekiko konpromisoa ere akordioaren parte da. Eguneroko lankidetzan euskararen erabilera sustatuko dute bi erakundeek, eta hizkuntza-gaitasuna egiaztatzera bultzatuko dituzte proiektuetan parte hartzen dutenak. Era berean, hitzarmenean zehaztu diren Gradu Bukaerako Lanak eta doktore tesiak euskaraz egitea sustatuko dute.






